Gizartea -
Giza katea
Giza katea, langabeziaren eta lan-istripuen aurka
Ostiral honetan egingo dute, azken urteetan Bizkaiko Ezkerraldeko zazpi langile (bi, 2014an) lan-istripuz hil direla salatzeko, besteak beste.
Erredakzioa
Apirilaren 28a Laneko Osasun eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Ezkerraldeko sindikatu eta gizarte taldeek giza katea egingo dute ostiral honetan, apirilak 25, “Langabeziaren eta prekarietatearen aurka. Lan-istripurik EZ” lelopean.
Komunikatu batean adierazi dutenez, giza katea Gurutzetako Ospitaletik abiatuko da. Gizarte Segurantzako lege berria salatuko dute bertan, “mutuei bajen gaineko kontrol handiagoa izateko aukera emango baitie”.
Gero, Barakaldoko Basatxu auzora joango dira, bertan baitaude Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionala (Espainiako Gobernuko Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren menpekoa) eta OSALAN Lanerako Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea.
Komunikatuan salatu dutenez, azken hiru urteetan Ezkerraldeko zazpi langile hil dira lan-istripuetan; hauetako bi, aurten. Urtarrilaren 8an Trapagarango 53 urteko bizilagun bat hil zen, Gerdau enpresak (Sidenor zena) Basaurin duen lantegian; Pine azpikontratako langilea zen. Otsailaren 25ean, aldiz, Santurtziko 47 urteko bizilagun bat hil zen Trapagaranen, Nervacero enpresan.
Euskadin eta Nafarroan, guztira, 15 langile hil dira jada aurten lanean: 5 Bizkaian, 4 Gipuzkoan, 2 Araban eta 4 Nafarroan.
Protesta hori deitu dutenen artean, hauek daude: Ezkerraldeko eta Meatzaldeko langabeen batzarrak, Barakaldoko Gazte Asanblada, Berri-Otxoak, “Argitan” Emakumeentzako Aholku Etxea, Portugalete Eraikitzen, Santurtziko Herri Komitea, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CNT eta CGT.