Gizartea -
Kalte-ordainketa
Osakidetzak 108.000 euro ordainduko du gizon baten heriotzagatik
Epaileak 108.000 euroko zigorra ezarri dio Osakidetzari lunbalgiarako tratamendua hartu ostean hil zen gizonaren kaako gizon baten heriotzarengatik.
Erredakzioa
Gasteizeko lehenengo Auzitegiak 108.000 euroko kalte-ordaina ezarri dio Osakidetzari. Osakidetzak diru kantitatea lunbalgiarako tratamendua hartu ondoren, koman sartu eta azkenik hil zen gizonaren familiari ordaindu beharko dio.
Epaiak adierazi duenez, "erlazioa dago gizonak jaso zuen tratamenduan, bihotz biriken geldialdian eta bere heriotzan", baina, "geldialdia erreakzio alergiko baten ondorioz eman zela" ezin duela egiaztatu onartzen du.
Gertakaria 2009ko azaroan eman zen Bilboko Basurtoko Ospitaleko larrialdi zerbitzuetan. Bertara 51 urteko gizon bat hurbildu zen, uzkurdura baten eraginez gerrialdean mina zeukana.
Pazientea aztertu ostean, medikuek lumbalgia diagnostikatu zioten. Nolotil, voltaren eta valium botiken tratamendua eman ondoren alta eman zioten.
Hala ere, gizonak ospitaletik alde egin zuenean, "gaizki sentitzen hasi zen eta bihotz biriken geldialdia izan zuen", Pazientearen Babeslea elkarteak azaldu duenez.
Pazientea Basurtoko Ospitaleko larrialdi zerbitzuan hogei minutuz artatua izan zen eta bizi-konstanteak errekuperatu zituen, baina geldialdiaren eraginez, gizonak nerbio-sisteman arazoak izan zituen eta egoera begetatiboan geratu zen.
Azkenean, bi urte baino gehiago koman egon ostean, gizona 2012ko urtarrilean hil zen.
Epaileak epaia adituaren txostenean oinarritu du eta bertan ondorioztatzen du "harremana dagoela tratamenduan eta bihotz biriken geldialdian eta horren eragilea erreakzio alergiko bat izan behar dela". Gizona tratamenduan emandako botikaren bati alergikoa izango litzateke, baina epaileak hori guztiz ezin duela egiaztatu onartu du.
Epaileak kasuan "neurriz kanpoko kaltearen doktrina jurisprudentziala" aplikatu du eta "emandako botikek datu kontraesankorrak dutenez, aplikatutako tratamendua ez zela egokia izan", adierazi du.
Guzti honengatik, Osakidetzak kalte-ordainetan 108.000 euro ordaindu beharko dio hildakoaren familiari. Senideek milioi bat euroko kalte-ordaina eskatu zuten. Horrela, Osakidetzak 80.000 euro ordainduko dio gizonaren bikotekideari, 12.000 euro adin txikikoa den seme bati eta 8.000 euro 25 urteko seme bakoitzeko.