Gizartea -

Lapurretak adinekoei

Leioak "besarkada beroen" bidez egindako lapurretak ohartarazi ditu

Azkenengo egunetan adineko pertsonenganako bitxi lapurretak gora egin dute, batez ere urrezko kateenak eta eraztunenak. Lapurretak kale erdian egiten dira, "edozein ordutan".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leioako poliziak auzokideei egindako lapurretak gora egin dutela ohartarazi du. Lapurrek "besarkada beroaren" teknika erabiltzen dute; hau da, kalean ezezagunei laztanak egiten dizkiete, eta hortaz baliatuz, bitxiak lapurtzen dituzte.

Poliziak asteazkenean emandako komunikatuan, edozein saiakera edo egoera arraroaren aurrean, Ertzaintza edo Poliziako agenteak ohartaraztea gomendatu du.

Poliziak adierazi duenez, azkeneko egunetan adineko pertsonei kale erdian eta "edozein ordutan" egindako bitxien lapurretak gora egin dute, batez ere urrezko kateen eta eraztunen lapurretak.

Ustezko egileak 24 eta 50 urteko bi emakume dira, eta batek azentu atzerritarra du. Biek biktimak kale erdian "besarkada beroen" bidez erasotzen dituzte eta horri esker, hauek konturatu gabe, lepokoen itxigailuak manipulatzeko aukera dute.

Lapurreta egiterakoan ez da indarra erabiltzen; izan ere, delitu hauen egileek "trebetasuna erabiltzen dute beti", horrela, biktimak tokitik alde egin arte ez du lapurreta nabaritzen.

Guzti hau kontuan hartuz, Leioako Poliziak adineko emakumeei "ezezagunek kalean emandako agur beroekin kontuz ibiltzeko", gomendatu die, eta "zerbait arraroa nabaritzerakoan, berehala Polizia Lokalari edo Ertzaintzari abisua ematea", eskatu die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Leioa berriak