Gizartea -
Gertakaria Gasteizen
Gizonezko bat atxilotu dute borroka batean hiru gazte zauritzeagatik
Gertakaria bart jazo da, Gasteizeko Alde Zaharreko kale batean.
Erredakzioa
Ertzaintzak borroka batean hiru gazteei zauriak eragiteagatik gizon bat atxilotu zuen asteazkenen gauean, Ertzaintzak adierazi duenez.
Gertakaria gaueko hamaiketan jazo zen. Gasteizeko Alde Zaharrean borroka bat zela ohartaraziz abisua jaso zuen Ertzaintzak. Bertaratutakoan patruila batek zauri ugari zituzten hiru gizon aurkitu zituen.
Haietako batek haginak galdu zituen, eta beste bat konorterik gabe zegoen. Gainera, denek urradurak eta gorputzeko atal ezberdinetan zauriak zituzten.
Zaurituetako bat anbulantzian Txagorrtxuko Ospitalera eraman zuten, eta beste biak, euren kabuz, Santiagoko Ospitalera joan ziren artatuak izateko.
Gertakariak jazo ziren tokitik hurbil aurkitu zuen Ertzaintzak ustezko erasotzailea eta atxilotu egin zuen. 34 urteko gizonezkoa da, aurretik zazpi aldiz atxilotutakoa. Indarkeria delituak ditu eta birritan espetxeratu dute.
Atxilotuak ere zauri txikiak zituen eta medikuen asistentzia jaso zuen.
Ertzaintzak gertakaria ikertzen jarraitzen du borrokaren zergatiak argitzeko eta biktimen salaketaren zain dago. Atxilotua datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.