Gizartea -

Gorenaren aginduz

LTDko bederatzi kate itzali dituzte gauerdian

Nitro, LaSexta3, Xplora, La Siete, La Nueve, AXN, lehen Marca TV ematen zuen katea eta telefonoz erosketak egiteko bi kate izan dira emititzeko eskubidea galdu dutenak.

LTDko bederatzi kate itxiko dituzte gauerdian. Argazkia: Efe
LTDko bederatzi kate itxiko dituzte gauerdian.
Gauerdian bederatzi telebista-kanalek itxiko dute

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pasa den gauerdian desagertu dira Espainiako Estatuko Lurreko Telebista Digitaleko 24 kateetako 9, Auzitegi Gorenaren aginduz. Jose Luis Rodriguez Zapateroren Espainiako Gobernuak frekuentziak banatzerakoan lehiaketa publikorik egin ez zuelako hartu zuen erabakia epaitegiak.

Atresmediak Nitro, LaSexta3 eta Xplora kendu ditu; Mediasetek La Siete eta La Nueve; Veo TVk (Unidad Editorialenak) AXN ordainpeko plataformatara eramango du eta duela hilabete batzuk arte Marca TV ematen zuen katea itxi du; eta Vocento taldearen Net TVk telefonoz erosketak egiteko bi kate itxi ditu, duela gutxi arte Intereconomia eta MTV emititzen zutenak hain zuzen ere.

Kate horiek itzalita, 2010eko uztailaren 16an Ministroen Kontseiluak egindako akordioa bertan behera geratuko da. Itun horren arabera, Estatu osoan telebista digitala emateko baimena zuten enpresei kate gehiago edukitzeko aukera eman zitzaien, inolako lehiaketa publikorik gabe.

Auzitegi Gorenak 2012ko azaroan erabaki zuen aipatu ituna bertan behera uztea, Infraestructuras y Gestion 2002 S.L. enpresaren helegitea aintzat hartuta.

Enpresa horren arabera, plataforma digital anizkunak (lau kanal digital 24 orduz emateko aukera ematen duena) lehiaketarik gabe eman ziren, eta horrela merkatutik kanpo utzi zituzten "telebista zerbitzua eskaini nahi zuten beste jokalari batzuk".

Uteca irekian emititzen duten telebisten batasunak helegitea aurkeztu du ebazpenaren kontra, haien eskubideak urratu dituztelakoan. Hala, helegitea argitu arte ebazpena bertan behera geratzeko eskatu zuten, baina Auzitegiak ez du halakorik onartu.

Etorkizunari begira, zalantza handiak daude 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, lege berria ezartzen denean, zein itxura hartuko duen LTDk. Izan ere, gaur itzaliko dituzten bederatzi kateek hartzen dituzten 800 megahertz libre geratuko dira eta bertan sartuko dituzte telefonia konpainiek 4G sareak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea