Gizartea -
Bide segurtasuna
65 urte baino gehiagoko 169.000 gidari daude, Euskadin
Zifrak, gainera, gora egingo duela aurreikusi du Eustatek. Eskainitako datuen arabera, 2013an, 46 pertsona hil ziren euskal errepideetan, eta horietatik 15, 65 urte baino gehiagokoak ziren.
Erredakzioa
65 urte baino gehiagoko 169.000 (% 14) gidari daude Euskadin, eta zifra horrek gora egingo du datozen urteetan biztanleria piramidearen bilakaeraren ondorioz; izan ere, 472.000 euskal gidarik 45 eta 64 urte dituzte gaur egun.
Garbiñe Saez Molinuevo Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak iragarri dituen Eustaten datuen arabera, gero eta istripu gutxiago izaten ari diren arren, trafiko istripuetan hiltzen diren 65 urte baino gehiagoko pertsonen kopuruak gora egiten du urtero.
2013an, 46 pertsona hil ziren euskal errepideetan, eta horietatik 15, 65 urte baino gehiagokoak ziren, biktimen % 32. Hiri barruan izandako istripuetan, berriz, iaz 65 urtetik gorako 17 gidari hil ziren. Hiru urte lehenago, 9. Hortaz, bikoiztu egin da zifra.
Kanpaina
Adineko pertsonak eta bide segurtasunari buruzko jardunaldia egin dute ostegun honetan, Bilbon.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ireki du jardunaldia eta "segurtasun arauak arretaz jarraitzea" eta errespetua eskatu ditu, "erantzukizunarekin elkarbizitzeko".
Testuinguru horretan, gizartearen erronka bezala aurkeztu dute bide segurtasuna. Gizartea zahartu ahala, bide segurtasuna handitzeko, ideiak elkartrukatu dituzte erakunde eta elkarte ezberdinek.