Gizartea -

Beste urte batez

Herri Urrats jaialdiak milaka euskaltzale bildu ditu Senperen

Ikastolentzako lege berri bat aldarrikatu du Paxkal Indo Seaskako presidenteak. Bestalde, Jaurlaritzak Iparraldea diruz laguntzen jarraitzen duela adierazi du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak.

Herri Urratsen 31. edizioa hartuko du aurten Senpereko lakuak. Argazkia: EiTB
Herri Urratsen 31. edizioa hartuko du aurten Senpereko lakuak. Argazkia: EiTB
Milaka euskaltzale bildu dira Senperen, Herri Urrats festaren harira

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urteroko legez, Senpereko lakuaren bueltan Herri Urratsen edizio berri bat ospatu dute, igande honetan. Aurtengoa, Iparraldeko ikastolen festaren 31. edizioa izan da. Jaiaz gain, aldarrikapenak ere tartea izan du.

Seaskako ikastolek gero eta ikasle gehiago badituzte ere, zailtasunak ere handituz doaz. Iparraldean euskararen egoera duela 30 urte bezalakoa dela salatu du Paxkal Indo Seaskako presidenteak eta Frantziako Hizkuntza Politika euskara heriotzara eramaten ari dela gaineratu du. Egoera horri aurre egiteko, Euskal Herrian euskaraz ikastea bermatuko duen Ikastolen lege propio bat aldarrikatu du. Ildo horretatik, agintariei inplikazioa eskatu die.

"Iparraldeari ekarpen garrantzitsuak egiten jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak"

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak nabarmendu duenez, euskara bultzatzeko Iparraldeari ekarpen garrantzitsuak egiten jarraitzen du Jaurlaritzak. Halaber, Jaurlaritzak Iparraldeari babesa ematen jarraituko duela azpimarratu du, "euskarak toki guztietan indartsu egon behar duelako".

Uriarte sailburuarekin batera Senperen izan dira Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordea eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordea.

Krisi ekonomikoak Jaurlaritzari ere eragiten diola onartu ostean, egoera ekonomikoa hobetzen denean Iparraldeari babes handiagoa emateko asmoa agertu du. "Iparraldeari ekarpen handia egiten diogu euskara bultzatzeko, baina krisiak ere eragiten digu", azaldu du.

Iparraldeko eta Hegoaldeko ordezkaritza zabala Senperen

Senperen, Iparraldeko eta Hegoaldeko hainbat ordezkari politiko elkartu dira, besteak beste, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta François Maitia sozialista.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Eusko Jaurlaritzak Iparraldeko ikastolekin duen konpromisoa berretsi du: "Indar gehiago emateko egon behar dugu, beti izan da Jaurlaritzaren apustua hori eta baita aurten ere".

Martin Garitanok Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoa berretsi du kazetarien aurrean: "Gure konpromisoa tinkoa da, eta guk euskararekiko konpromisoa ez dugu atzera botako nahiz eta Espainiako edota Frantziako Gobernuaren agintariek horrela agindu".

Seaskaren aurtengo helburua Biarritzen lizeo bat eraikitzea izango da, eta, horretarako, sei milioi euro behar ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldeko ikastolen jaia