Gizartea -
Ezbeharra
Lurrikara gertatu eta 3 urtera, Lorca berreraikitzen ari dira oraindik
Agintarien arabera, berreraikitze lanak "erdi bidean" daude. Lurrikara izan zen orduan elizako kanpaiak joko dituzte, eta bisita gidatuak egingo dituzte Lorcako failara.
Erredakzioa
Gaur hiru urte, Richter eskalan 5,1eko indarra izan zuen lurrikara batek Murtziako Lorca hiria astindu zuen, eta hiria berreraikitzeko lanetan jarraitzen dute oraindik. Agintarien esanetan, berreraikuntza "erdi bidean" dago, baina prozesua kaltetuek nahi baino mantsoago doa.
Ezbeharra gogoratzeko ez da ekitaldi ofizialik egingo. Dena den, lurrikara gertatu zen orduan, 18:47an, elizako kanpaiak joko dituzte, eta egun guztian bisita gidatuak egingo dituzte lurrikara eragin zuen Lorcako failara.
2011ko maiatzaren 11n izandako lurrikararen ondorioz, 9 pertsona hil eta beste 324 zauritu ziren. Halaber, 24.000 etxebizitza inguru hondatu ziren, eta eraikin publiko guztiek ere kalteak izan zituzten. Ezbeharraren ondoren, beste 1.152 etxebizitza eraitsi behar izan zituzten.
Orotara, 1.200 milioi euroko kalteak zenbatu zituzten, eta hiria hondakinez beteta gelditu zen. Orain, 900 etxebizitza berreraikitzen ari dira, 130 bukatuta daude, eta beste 500 udarako amaitzea espero dute.
Lurrikararen ondorioz etxea galdu zuten 3.000 lagunen artetik, % 8,6 bakarrik itzuli ahal izan dira, eta gainerakoek etxetik kanpo jarraitzen dute.
Beste 20.000 etxebizitzak kalte txikiagoak izan zituzten, eta horietatik % 98 konpondu dituzte.