Gizartea -
Kantabrian eta Euskadin
8 gizon atxilotu dituzte adingabe batekin sexu-harremanak izateagatik
Guardia Zibilak lau gizon Kantabrian atxilotu ditu, eta beste lau Euskadin. Guztiak aske geratu dira epaitegian deklaratu eta gero.
Erredakzioa
Guardia Zibilak zortzi gizon atxilotu ditu, lau Kantabrian eta beste lau Euskadin, diruaren eta oparien truke 15 urteko adingabe batekin sexu-harremanak izateagatik.
Zortzi atxilotuak (39-52 urte) aske geratu dira epaitegian deklaratu eta gero. Hala ere, batek hilabete bakoitzeko 1ean eta 15ean epailearen aurrean agertu beharko du.
Atxilotuetako batek ustez adingabeari bezeroak lortzen zizkion eta zerbitzuaren % 50 irabazten zuen. Antza denez, biktima behartu egin zuten sexu-harreman batean eta beste batean droga eman zioten.
'Amelio' operazioa otsailean hasi zuten Kantabrian, konkretuki Castro Urdialesen, Guardia Zibileko iturriek gaur jakitera eman dutenez. Gainerako lau atxiloketak Araban eta Bizkaian egin dituzte.
Era berean, bost miaketa egin ditu Guardia Zibilak, eta ekipo informatikoak, disko gogorrak, bideoak, telefono mugikorrak, kontaktuen agiriak eta 21.000 euro baino gehiago atzeman ditu. Burdel bezala erabiltzen zuten trastelekua aurkitu dute guardia zibilek, eta baita sexu-harremanak izateko prestatutako furgoneta ere.
15 urteko mutiko baten amak emandako informazioak abiatu zuen Guardia Zibilaren ikerketa Kantabrian. Diruaren eta oparien truke adingabeak gizonekin sexu-harremanak zituela jakinarazi zion amak Guardia Zibilari.
Harremanak abuztuan hasi ziren, iaz. Interneten argitaratutako iragarki baten bidez kontaktuak lortzen zituzten. Adingabeak bere argazki bat jarri zuen Interneten, barruko arropak jantzita, eta sexu-harremanak eskaintzen zituen.