Gizartea -
16 hilabeteko epean
'Mendeko obra' hasiko dute gaur Bilbon: Deustuko Kanala
Bilbon uholdeen arriskua murrizteko irekiko dute. Lanek 16 hilabeteko iraupena eta 20,9 milioi euroko aurrekontua izango dute.
Erredakzioa
Gaur hasi dira Deustuko Kanala irekitzen. Lanek 16 hilabeteko iraupena eta 20,9 milioi euroko aurrekontua izango dute. Bilbon uholdeen arriskua murrizteko egingo dute, eta Udalak “mendeko obra” dela esan du.
Obrak inaugurazio ofizialik gabe hasi dituzte, Europako hauteskundeetako kanpaina dela eta.
Lan horietan Bilboko itsasadarreko kanala irekitzeko falta diren 500 bat metro linealak zulatuko dituzte; beraz, 365.000 metro kubiko lur atera beharko dituzte. Lur hori guztia San Mames futbol-zelaiko gainazalean pilatuz gero, 15 solairuko eraikin baten altuera hartuko luke.
Kanala irekitzeko obrek Zorratzaurreko egungo penintsula uharte bilakatuko dute, eta bi aldeak batuko dituen zubi bat eraikiko dute; 75 metroko luzera izango du, kanalak zabalera hori hartuko baitu bertan.
Iragan astean Udalak jakinarazi zuen moduan, lanak gaur hasi dira, obrak egingo diren ingurua hesi bidez itxita.
Obrak antolatzeko lehen fase honek astebete iraungo du. Ondoren, hiru astez, Zorrotzaurreko zerbitzuak (ura, argia eta gasa) desbideratuko dituzte.
Hirugarren fasea luzeena izango da. Bederatzi hilabete emango dituzte zubi berri bat eraikitzen. Hilabete horietan aterako dute lur gehiena.
Azken hiru hilabeteetan, lurra ateratzen bukatu eta ura sartuko dute.
Lurra itsasontzi eta kamioi bidez aterako dute: izan ere, orduro 15 kamioi arituko dira lanean.
Jose Luis Sabasek nabarmendu duenez, Bilbon "mendeko obra" da, hiriko "fisionomia aldatu" egingo baitu. Proiektua amaitutakoan, Bizkaiko hiriburua "ez da inoiz berdina izango", gaineratu du.