Gizartea -
Gertakaria
Gizon bat atxilotu dute erregistro-estalki batez gazte bat jotzeagatik
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du bart gauean, Donostian, borroka batean gazte bati erregistro-estalki batekin jotzeagatik eta buruan hainbat zauri eragiteagatik.
Erredakzioa
Ertzaintzako agenteek 28 urteko gizon bat atxilotu dute bart gauean Donostian, beste bati eraso egitea eta buruan hainbat zauri eragitea egotzita. Biktima osasun zentro batera eraman behar izan dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Agenteek Donostiako San Jeronimo kalean borroka bat zegoela jakin ondoren, bertara joan dira eta gizonezko bat zaurituta aurkitu dute bertan, buruan hainbat zauri zituela eta odoletan zegoela. Horren aurrean, anbulantzia bat bidaltzeko eskatu dute.
Ondoren, ustezko erasotzailea identifikatu dute. Bertan zeudenek adierazitakoaren arabera, biak borrokan ari zirenean erregistro-estalki batez ere jo du. Biktima Donostia ospitalera eraman dute, eta erasotzailea, ostera, atxilotu egin dute, lesio delitu bat egotzita. Gizon hori beste zazpi aldiz atxilotu dute aurretik.