Gizartea -
Boluntarioak behar dituzte
Bilbon, immigranteei buruzko zurrumurru faltsuei aurre egin nahian
2010ean Bartzelonan abiatutako proiektu batean oinarritzen den ekimen honen bidez, “arrazakeriari aurrea hartzeko, zurrumurruen kontrako estrategia” bultzatu nahi dute, Bilboko Udaletik esan dutenez.
Erredakzioa
Bilboko Udalak dei egin die gaur Deustuko bizilagunei zurrumurruen kontrako agenteen sarea osatzen lagundu nahi duten boluntarioak bilatzeko. Horien bidez, etorkin atzerritarren kontrako “zurrumurru faltsu, estereotipo eta aurreiritziak” gezurtatu nahi ditu.
Udalak agiri baten bidez azaldu duenez, ekimen hau 2010. urtetik Bartzelonan garatzen ari diren proiektu batean oinarrituta dago, eta Europako Kontseiluak Europako Batzordearen laguntzarekin zurrumurruen aurka bultzatu duen estrategiaren baitan kokatzen da.
Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Hiritarrak sailaren esanetan, Udalak zurrumurruen aurkako agenteen sare bat sortuko du Deustun, “elur-malutaren metodologiari jarraituz, datu objektiboak eta argudioak baliatuz immigranteen inguruko zurrumurru faltsuei aurre egiteko”.
Zurrumurruen kontrako agenteak bere auzoarekin eta hiriarekin konprometituta dauden pertsonak dira, pertsonen arteko bizikidetza bultzatu eta atzerritarren eta aniztasunaren kontrako aurreiritzi eta estereotipoak baztertu nahi dituztenak. Egoera horien aurrean, jarrera kritiko eta zuhurra izateko eskatu diete auzotarrei Udaletik.
Horretarako, Deustun bizi diren guztiei dei egin diete gizartea aldatzeko, agente gisa parte-hartze garrantzitsua eta aktiboa izan dezaten gizartea hobetzen laguntze aldera.
Udalak gogoratu duenez, iaz “Be Inclusive” proiektua jarri zuten martxan Errekalde auzoan, etorkinekin lotutako estereotipo negatiboei aurre egiteko.
Orain, Deustun “estereotipo kaltegarri, lelo eta gezurrezko zurrumurruei aurre egiten jarraitu nahi dute; izan ere, estereotipo, lelo eta zurrumurru horiek elkarrekintza eta bizikidetzari kalte egiten diete eta jarrera diskriminatzaile eta arrazistak sortzea eragin dezakete”.
Udalak nabarmendu duenez, Deustu “beti izan da kulturen arteko zubia”. Horren erakusgarri, 2013an bertan 3.543 atzerritar bizi ziren, gehienak latinoamerikarrak; barruti horretako herritar guztien % 7,1.
Proiektu honetan parte hartu nahi dutenei maiatzaren 27an Deustuko Udaltegian egingo duten aurkezpenera joateko gonbidapena egin diete Udaletik.