Gizartea -
Immigrazioa
Ia 500 etorkin Melillara sartu dira, hesia gaindituta
Espainiako Gobernuaren kalkuluen arabera, 1.000 dira muga gainditzen saiatu diren etorkinak, eta horietatik 400ek lortu egin dute. Espainiako Segurtasun idazkaria Melillara abiatu da.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak Melillan duen ordezkaritzak azaldu duenez, Saharaz azpiko ia 500 etorkin Melillan sartu dira gaur goizaldean, hesia gaindituta. 1.000 etorkin inguruk egin dute saiakera, baina azkenean ia erdiek lortu dute helburua. Txinatarren auzotik gertu dagoen mugako pasabidetik barrena sartu dira.
Aipaturiko iturrien arabera, bostehun baino zertxobait gutxiagok lortu dute Melillan sartzea, eta martxoaren 18ko sarrerarekin batera, Melillan inoiz izan den immigrante sarrerarik handiena izan da. Poliziak jakitera eman duenez, Espainiako Gobernuaren kalkuluen arabera, 1.000 dira muga gainditzen saiatu diren etorkinak, eta horietatik 400ek lortu egin dute.
Bestalde, hainbat etorkin artatu behar izan dituzte zauri arinengatik.
Saiakera goizaldeko 5:30ean egin dute, Txinatarrean auzoan (azken saiakerak ere hortik egin dituzte). Mugako alde bietan polizia-operatibo handia egon bada ere, ia erdiak muga gainditzea lortu du.Ondoren, korrika joan dira etorkinen aldi baterako zentrora, eta bertan hainbat pertsonak ongietorri beroa eman diete. Besarkadak eta alaitasun oihuak entzun dira zentro horretako sarreran. Hala ere, zentroa gainezka dago, 500 pertsonentzako lekua dagoelako eta bertan 1.900 bat etorkin daudelako.
Espainiako Segurtasun idazkaria Melillara abiatu da
Francisco Martinez Espainiako Segurtasun idazkariak bertan behera utzi du Balear uharteetara egitekoa zuen bidaia, eta Melillara abiatu da, Espainiako Barne Ministerioaren arabera.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak Diputatuen Kongresuko pasilloetan azaldu duenez, Francisco Martinezen lana Mellillako egoera bertatik bertara aztertzea eta koordinatzea izango da.
Bestalde, Fernandez Diezek onartu du immigranteak aldi baterako hartzen dituen Melillako zentroa "muturreko egoeran" dagoela.
Barne Ministerioaren asmoa operazioak bertatik bertara koordinatzea eta Lan Ministerioarekin lan egitea da; izan ere, haren baitan baitago Melillako zentroa. Fernandezen esanetan, lehendik ere "beteta" zegoen zentroa eta orain "egoera muturrekoa da". "Bistan denez Melillan sartu direnen kopuruaren ondorioz, egoera muturrekoa da", gaineratu du.
Barne Ministerioak hesitik igotzeko sarea jartzea azkartuko du
Barne Ministerioak "lurraldean gaineko" operazioak "koordinatu" nahi ditu, baita Lan Ministerioarekin lan egin ere. Halaber,ministroaren hitzetan, lehen saturazio egoeran baldin bazegoen, orain "mugan" dago. "Argi eta garbi sartu direnen kopurua egoera mugan jarri du", aitortu du, eta hesitik igotzeko sarea ahalik eta azkarren jarriko dutela nabarmendu du.