Gizartea -
Frankismoaren biktimak
Servinik bi biktimari deklarazioa hartuko die Auzitegi Nazionalean
Lehen aldiz Frankismo garaiko bi biktimak Auzitegi Nazionalean deklaratuko dute, Fernando Andreu bertako epailearen aurrean egingo dute gainera.
Erredakzioa
Frankismo garaiko krimenak ikertzen ari den Maria Servini epaile argentinarrak bi biktimari deklarazioa hartuko die bihar Auzitegi Nazionalean. Lehen aldiz, Frankismo garaiko bi biktimak Auzitegi Nazionalean deklaratuko dute, eta Fernando Andreu bertako epailearen aurrean egingo dute gainera.
Bihar epailearen aurrean deklaratuko duten biktimak Teresa Alvarez, 93 urtekoa, eta Faustina Romeral, 90 urtekoa, dira. Alvarezek haren aitonak, aitak eta bi anaiek jasan zuten tratuaz hitz egingo du. Bestalde, Romeralek bere bizipenez eta familiaren esperientziaz jardungo du. Izan ere, 15 urte zituela atxilotu zuten Romeral aitarekin eta amarekin batera, eta aita hil egin zuten eta ama, berriz, kartzelara bidali zuten. Halaber, Faustina Romeral bera ere kartzela egon zen gero.
Servini duela egun batzuk iritsi zen Euskal Herrira, eta Andaluziatik igaro ostean Madrilera iritsi zen. Hain zuzen ere, Espainiako hiriburuan egongo da maiatzaren 30era arte.
Epaile argentinarrak Julen eta Luisa Kalzada anai-arrebak galdekatu zituen Gernikan. Julen Kalzada Zamoran preso egon zen eta Burgoseko prozesuan epaitu zuten. Luisa Kalzadak, bestalde, aita eta beste zazpi pertsona Busturian fusilatu egin zituztela salatu zuen.
Halaber, epailea Miranda de Ebroko (Burgos) ospitalera joan zen, bertan Felix Padin miliziano anarkista bilbotarra baitago. Padin zenbait kontzentrazio eremutan izan zen, baina epaileak ezin izan zuen haren testigantza jaso, eskabidea epaitegietara heldu ez zelako. Halere, elkarrizketa bat izan zuten eta "buru argiko" gizona dela adierazi zuen. Padin ospitalean dago, barneko odol isuria izan duelako.
"Billy el Niño"ren eta Muñecas kapitainaren estradizioa ukatu berritan egin du Euskal Herrira eta Espainiara bidaia Maria Servinik.