Gizartea -
Ekimen aitzindaria
Bilbon aparkatzeko plazak alokatzeko sarea jarri dute interneten
Lehen fasean, ekimen honen bultzatzaileak aparkatzeko plazen jabe eta titularrekin jarriko dira harremanetan. Bilbon 130.000 ibilgailu eta 150.000 aparkaleku-plaza daude.
Erredakzioa
Comparko plataforma aparkatzeko plazak eskaintzen dituzten jabeen komunitate bat sortzen hasi da Bilbon, plaza horiek hutsik dauden orduetan autoa aparkatzeko tokia behar duten gidariei eskaintzeko.
Lehen fasean, ekimen honen bultzatzaileak aparkatzeko plazen jabe eta titularrekin jarriko dira harremanetan, "beraiek erabiltzen ez dituzten orduetan errendimendu ekonomikoa izan nahi dutenekin", hain zuzen ere.
Aparkatzeko plaza nahikoa eskaintzeko moduan direnean, Comparko webean erregistroak aktibo jartzeko eskatuko diete jabeei, eta www.comparko.com orria irekiko dute ondoren, autoak aparkatu nahi dituzten gidariei euren ibilgailuak "merkeago, seguruago, eta denbora eta erregaia alferrik galdu gabe" aparkatzeko plazak bilatzen laguntzeko.
"Comparko.com oso oinarrizkoa den zerbait bultzatzeko sortu da, partekatzeko eta elkarri laguntzeko harremanak bultzatzeko", horren sustatzaileak, Alicia Pesquerak, esan duenez.
Kanpoko 96.000 ibilgailu
Plataformaren esanetan, Udalak eman dituen datuen arabera, Bilbok 130.000 ibilgailu ditu erroldatuta, eta 150.000 aparkaleku inguru daude hiriburuan: 110.000 plaza pribatu (Udalarenak, ia 20.000); 14.000 baino gehiago, TAO sistemaren bidez araututa; eta ia 3.000, lur gainean.
"Bilbora egunero kanpotik 96.000 ibilgailu sartzen direla jakinda, erraz uler daiteke zer dela eta sortzen diren aparkatzeko arazoak", azaldu du.
Comparkok egin duen azterketaren arabera, baliteke 5,5 milioi ibilgailu pribatu eta zortzi milioi plaza izatea zerbitzu hori erabili ahal dutenak.
"Bartzelona, Palma, Madril, Las Palmas, Sevilla, Murtzia, Valentzia, Bilbo, Malaga, Santander, Valladolid eta Zaragoza dira zirkulazio-arazo larrienak dituzten hiriak", gaineratu du.