Gizartea -
2014-2015 ikasturtea
Testuliburuen maileguari eutsiko diote, baina zenbait berritu gabe
Jaurlaritzaren arabera, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako liburuak ez dituzte berrituko, eta curriculum propioak lantzen jarraituko dute.
Erredakzioa
2014-2015 ikasturtean, euskal hezkuntza sistema publikoko testuliburuen maileguari eutsiko dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Cristina Uriarte sailburuak asteazken honetan baieztatu duenez. Hala ere, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako liburuak ez dituzte berrituko, 2014-2015 ikasturtea trantsiziokoa izango baita curriculum propioak bukatu bitartean.
EH Bilduk eskatuta, Uriartek agerraldia egin du Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, mailegu sistemaren inguruko galderak erantzuteko.
Egitasmoa 2007an jarri zen martxan, eta helburua derrigorrezko etapa guztietara zabaltzea zen. Oraingoz, ordea, DBHko lehen eta bigarren mailara arte dago indarrean.
Sistema horren bitartez, liburuak maileguan jasotzen dituzte haurrek, ikasturtean zehar erabiltzeko. Gastuaren zenbatekorik handiena Hezkuntza Sailak hartzen du bere gain, eta familiek kuota baino ez dute ordaindu behar (44 bat euro gehienez).
Printzipioz, ikastetxeetan lau urtez bakarrik berrerabili behar dira liburu horiek (lehen eta bigarren mailakoak salbu, bertan urtero berritzen baitituzte). Hala ere, 2012-2013 ikasturtean gehienezko erabilera hori urtebete luzatzea erabaki zuten.
Ikasturte honetarako, Jaurlaritzak liburu berriak erosi ditu Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetarako, baina ez bosgarren eta seigarren mailetarako. Ondorioz, maila horietako liburuak bosgarren urtez jarraian ari dira erabitzen, eta datorren ikasturtean sei urte beteko dituzte.
Uriartek Legebiltzarrean azaldu duenez, euskal hezkuntza sistemako testuliburuak ez dira Lomcera egokituko, eta Hezkuntza Saila curriculum propio berriak prestatzen ari dela gaineratu du.
Curriculum horiek 2015-2016 ikasturterako egongo dira prest, eta orduan liburu berriak izango dituzte ikasleek, Uriarteren esanetan.
Irailean hasiko den ikasturtea, beraz, trantsiziokoa izango da, eta Jaurlaritzak liburuak ez berritzea erabaki du.
Egoera horren aurrean, maila horietan seme-alabak dituzten familiek kuota txikiago ordaindu beharko dute, 30 eurotik 15era jaitsiko baitute, Hezkuntza sailburuaren arabera.