Gizartea -
Herritarrei zuzendutako bideoa
'Birziklapena bultzatzeagatik' eskerrak eman ditu Gipuzkoak
Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak esan duenez, aipatu bideoa sare sozialetan, Foru Aldundiaren webguneetan eta Bioterra produktu ekologikoen azokan zabalduko dute.
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak bideo berezi bat egin du, gipuzkoarrei "birziklapenaren jendartea" eraikitzeagatik eskerrak emateko.
Ingurumenaren nazioarteko egunean egindako agerraldian Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu duenez, aipatu bideoa sare sozialetan, Foru Aldundiaren webguneetan eta Bioterra produktu ekologikoen azokan zabalduko dute.
"Eskerrak eman nahi dizkiet gaur, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, gipuzkoarrei, aldaketaren protagonista direlako: birziklapenaren, iraunkortasunaren, ingurumenaren eta gure osasunaren alde ari dira eta arduraz jokatzen ari dira datozen belaunaldiekin. Beren etorkizunaren protagonista izan nahi dute gipuzkoarrek", adierazi du Errazkinek.
Errazkinen hitzetan, Gipuzkoak "beste norabide bat hartu du, indar handiz". "Aldaketa gertatu da Gipuzkoan eta datozen urteetan aldaketa horretan sakondu egingo dugu, betiere Zero Zabor norabidean, Birziklapenaren Jendarterantz, Europak eskatu bezala, ahalik eta hondakin gutxien sortzeko eta ahalik eta gehien birziklatzeko norabidean”, esan du.
Diputatuak emandako datuen arabera, Gipuzkoako 20 bat herritan organiko guztia, oso-osorik, beraiek kudeatzen dute, eta, hortaz, ez dute "kamioien edo azpiegituren beharrik organiko hori tratatzeko". Gipuzkoako udalerri erdiek % 70etik gorako birziklatze maila dutela ere goraipatu du Errazkinek.
"Egia da udalerri handi batzuetan oraindik ere urrun daudela tasa horietatik. Baina egia da, era berean, kontzientziazioa eta hondakinen arazoarekiko ardura izugarri zabaldu direla horietan ere, eta hobekuntzak egiten ari direla. Guk Gipuzkoako beste herri askok egindako bidea egitera bultzatu nahi ditugu", gaineratu du Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.
Bideoa, besteak beste, Irungo Ficoban ikusi ahal izango da asteburu honetan. Izan ere, bihartik igandera bitartean Bioterra azoka egingo da bertan, eta Foru Aldundiak stand bat izango du.