Gizartea -

Trafiko istripua

Gida-baimena kendutako motorzale bat larri zauritu da Zarautzen

Armintzan, bi pertsona arin zauritu dira, mototik erori ostean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

37 urteko motorzale bat larri zauritu da gaur Zarautzen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aditzera eman duenez. Gizonezkoak, gainera, gida-baimena erretiratuta zeukan urte amaierara arte.

Ezbeharra goizeko zazpietan izan da, Zarautz eta Urteta auzoaren arteko GI-3791 errepidean. Honda motoak BMW ibilgailu baten aurka egin du talka. Motorzaleak zauri larriak izan ditu, eta Donostiako ospitalera eraman dute anbulantzian.

Epaile baten aginduz, 2014. urte amaierara arte gida-baimena kenduta zeukan; beraz, Ertzaintzak gogorarazi duen moduan, erabaki judizial hura hautsi du.

Bizkaian beste moto istripu bat izan da gaur. Armintzatik Bakiora doan BI-3152 errepidean, 56 urteko gizonezko bat eta emakumezko bat arin zauritu dira, gidatzen zihoazen Hyosung Aquila mototik erori ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak