Gizartea -
Ikerketa
EHUk 200 ume behar ditu, loditasunari buruzko ikerketa baterako
Ariketa fisikoa eginez eta elikadurari buruzko hezkuntza eta terapia psikoafektiboak eskainiz horien osasuna hobetu daitekeen egiaztatu nahi dute.
Erredakzioa
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) gainpisua duten 200 ume nahi ditu, haur loditasunari buruzko ikerketa bat egiteko. Hain zuzen ere, ariketa fisikoa eginez eta elikadurari buruzko hezkuntza eta terapia psikoafektiboak eskainiz horien osasuna hobetu daitekeen egiaztatu nahi dute.
EHUk gaur aurkeztu du ikerketa, eta irailean abiatuko du. Sei hilabete iraungo du orotara.
Programa horretan, hainbat adituk hartuko dute parte, elikaduraren, ariketa fisikoen, psikologiaren, pediatriaren, kardiologiaren eta erradiologiaren arloetakoak.
Profesionalak ikerketan parte hartuko duten umeen loditasuna murrizten saiatuko dira, heldutasunean bihotzeko gaitzak eta diabetesa izan ditzaketelako.
Hainbat ikerketaren arabera, gainpisua duten umeen portzentajea handitu egin da Estatuan, eta dagoeneko "pandemia bat" dela ohartarazi dute adituek.