Gizartea -

Iruñea

Greba batean zauritu zenari epaileak esan dio sindikatuetara jotzeko

Gazte batek begi bat galdu zuen Poliziaren pilokatada batek jota, baina erreklamazioa sindikatuei egin beharko liekeela esan du epaileak.

Istiluak Iruñean grebaren aldeko manifestazioaren ostean

01:42

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko epaile batek sindikatuei erreklamatzeko esan dio 2012. urteko irailaren 12an ELA, LAB eta ESK zentralek deitutako greba orokorrean izan ziren istiluetan begi bat galdu zuen gazteari.

Epaileak frogatutzat jo du gazteak Poliziaren pilotakada batek jota galdu zuela begia, baina agenteen jokabidea neurrigabea izan zela ondorioztatzeko frogarik ez dagoela gaineratu du.

Horren esanetan, istiluetan parte hartu zutenek "iraindu" egin zituzten poliziak, eta hainbat gauza bota zizkieten. Gainera, establezimenduetan eta hiri-altzarietan kalteak egin zituztela aipatu du. "Horrenbestez, Estatuko Segurtasun Indarrak istiluen aurkako materiala erabiltzera behartuta izan ziren".

Horren ildotik, istiluen aurkako materialaren erabilera "neurrigabea" zela ondorioztatzeko "zantzu txikiena ere" ez dagoela nabarmendu du.

Hori horrela, gomazko pilota jaurti zuen agenteak deliturik egin ote zuen argitzeko, kaltedunak istiluetan parte hartu ote zuen edo ez zuen ez dela garrantzitsua esan du epaileak. "Inportanteena istiluen aurkako materialaren erabilera neurrikoa izan zela eta erasotzaileak salatariaren inguruetan zeudela da".

Hori dela eta, Poliziari baino gehiago, kalteak greba orokorra deitu zuten sindikatuei erreklamatzea iradoki dio epaileak gazteari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea