Gizartea -
Sexu erasoa
Emakume bati sexu erasoa egiten saiatzeagatik atxilotu dute, Gernikan
Sexu askatasunaren aurkako delitu bat egotzi diote, astearte gauean emakumezko bati sexu erasoa egiten saiatzeagatik.
Erredakzioa
27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten asteazken arratsaldean Gernikan, sexu askatasunaren aurkako delitu bat egotzita. Segurtasun Sailaren arabera, ezagun bat etxera eramateko eskaini zuen bere burua, eta sexu erasoa egiten saiatu zen.
Astearte gauean, 22:00ak aldera, biktima lanetik atera zen Gernikan, eta etxerako bidea hartu zuen.
Ertzaintzaren aurrean jarritako salaketaren arabera, ezagun batek autoa gelditu zuen haren alboan, eta etxera eramateko eskaini zuen bere burua. Emakumeak baietz esan zion, izan ere, beste behin ere eraman zuen etxera autoz.
Autoan zeudela, Gernika eta Bermeo arteko bidean dagoen jatetxe baten aparkalekura eraman zuen autoa gidariak. Ibilgailua gelditutakoan, emakumezkoaren gainean jarri zen, jipoitu egin zuen eta sexu erasoa egiten saiatu zen.
Biktimak ihes egitea lortu zuen, eta bertatik hurbil dagoen taberna batera joan zen korrika. Bertan, beste emakumezko batek lagundu zion.
Ertzaintzarenean salaketa jarri ondoren, agenteak ustezko erasotzailearen bila hasi ziren, baina ez zuten aurkitu. Azkenean, asteazkenean atxilotu zuten.