Gizartea -
Santurtzitik Sestaora
'Ezkerraldea martxan', eskualdeko egoera larria salatzeko
Ehunka persona bildu dira Santurtzi eta Sestao arteko manifestazioan, langabeziaren eta murrizketa sozialen aurka protesta egiteko.
Erredakzioa
Ehunka pertsona bildu dira larunbat honetan, hogeigarren urtez jarraian, Santurtzi eta Sestao arteko 'Ezkerraldea martxan' manifestazioan, langabeziaren eta murrizketa sozialen aurka. Eskualdeak bizi duen "gizarte haustura larria" salatu nahi izan dute manifestariek, "langabezia tasa kezkagarriak, lan-ezegonkortasun maila altuak, pobrezia egoeren gorakadak, etxegabetze kopuruaren igoerak eta babes sozialean ezarritako murrizketek" eraginda.
Eskualdeko enpresa garrantzitsuenetako batzorde eta talde sindikalak, langabeen elkarteak eta Ezkerraldeko elkarte sare "osoa" gerturatu dira manifestaziora.
Santurtziko Parketik abiatu da martxa, 12:00etan, herria gurutzatu ostean, Portugaletetik Sestaoko Kasko Plazara iritsi arte.
Parte-hartzaileek salatu dutenez, Ezkerraldeak "Euskal Herriko langabezia eta pobrezia tasarik altuenak ditu, eta larrialdi sozialeko egoeran bizi da, 23.000 langaberekin eta ia % 23ko langabezia tasarekin. 1.600 pertsona ari dira saltoki handietan lanean, hilean 500 eurotik beherako soldatekin, eta 2.300 saltoki txiki itxi dira 2007tik 2013ra artean".
Manifestariek jakinarazi dutenez, "biztanleen % 8 pobrezia larrian bizi dira, eta % 40 zailtasunekin iristen dira hilabete amaierara". Gainera, 2.000 familiak Elikagai Bankuari eta Caritasen jantoki sozialari esker bizirauten dutela salatu dute, eta "eskualdeko 487 familia etxegabetu" dituztela 2013an: "astean, bederatzi".
Instituzioek, Ezkerraldeko udalak buru direla, "langileen eta biztanleriaren lan- eta gizarte-eskubideak murrizten dituzten neurriak" hartzen dituztela adierazi dute martxako parte-hartzaileek. "Tamalez, murrizketa horiek dakarten bakarra da, krisi ekonomikoak eraginda, milaka pertsona eta familiaren bizi-baldintzak okertzea".