Gizartea -

Pobrezia

Caritasek 46.000 pertsonari eman zien laguntza iaz, EAEn

Laguntza eske joaten diren hamar pertsonatik lau bertakoak dira.

Ramon Ibeas Caritaseko ordezkaria. Artxiboko irudia: EiTB
Ramon Ibeas Caritaseko ordezkaria. Artxiboko irudia: EiTB
Ramon Ibeas Caritaseko ordezkaria. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Caritasek 46.000 pertsonari eman zien laguntza iaz Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta 2012an baino 6.000 lagun gehiagori, Ramon Ibeas Caritas Gasteiz elkarteko idazkari nagusiak gaur goizean jakinarazi duenez. Laguntza eskatzera joaten direnen profila ere aldatu egin da, izan ere, ia kanpokoek bezainbeste jotzen dute Caritasera bertakoek. Zehatz-mehatz esanda, Caritasera laguntza eske joaten diren hamar pertsonatik lau bertakoak dira.

Caritasen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkaritzek prentsaurrekoa eskaini dute EAEko hiru hiriburuetan 2013ko txostenaren berri emateko. Azaldu dutenez, orotara 70.000 pertsonari eman zieten laguntza, eta horietatik 46.000 ez ziren bakarrik bizi.

Batik bat etxebizitzak eragindako arazoengatik jotzen dute Caritasera, izan ere, "etxebizitza ez galtzen saiatzen dira familiak eta horretarako beste zenbait kontu alboratzen dituzte. Ondorioz, prekarietate eta ahultasun egoera handia da".

Caritasera jotzen dutenen profila ere aldatzen ari da, izan ere, hamarretik lau bertakoak dira eta gainerakoak etorkinak. Espainiar estatuan portzentajea alderantzizkoa da, Caritasen iritziz, laguntza sozialak EAEn baino baxuagoak direlako. Ibeasek azaldu duenez, EAEn eta Nafarroan gutxieneko errenta 600 eurokoa da eta Espainiako beste hainbat erkidegotan 300 euroren bueltakoa da.

Bizkaian Caritasek 12.500 pertsonari eman zien laguntza, horietatik % 60 emakumezkoak ziren eta bertakoek zein atzerritarrek neurri berean jo zuten Caritasera. Carlos Bargos Caritas Bizkaiako arduradunak ohartarazi duenez, pobrezia arazo kroniko bihurtzen ari da, eta gehienek 5 urte baino gehiago daramatzate Caritasen laguntza eskatzen.

Araban laguntza eskatu zuten pertsonen % 60 31 eta 50 urte bitarteko emakumezkoak ziren, bikotekiderik gabe eta seme-alabekin bizi zirenak. Laguntza eskaini zaien pertsonen % 60 langabezian zegoen eta % 47k zaindu beharreko senideak zituen. Azaldu dutenez, gehienek etxebizitzaren ordainketa bat egiteko laguntza eskatu zuten.

Gipuzkoan bestalde 29.306 pertsonari lagundu zien Caritasek, 2012an bezalatsu. Jose Ramon Aramendi Caritas Gipuzkoako arduradunak ohartarazi duenez, laguntza eskatzen dutenen profila aldatzen ari da, eta geroz eta gehiago dira seme-alabak dituzten bikote gazteak, lanean zeudela etxebizitza bat erosi zutenak eta orain lanik eta langabezia laguntzarik gabe, dirurik ez dutenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea