Gizartea -

93 egun eta 15 orduko uda

Uda gaur hasi eta azken mendeetako urtarorik luzeenetakoa izango da

12:51n, udan sartu gara, eta irailaren 23ra arte luzatuko da. Done Laurendiren malkoak -edo Pertseidak- abuztuaren 12an ikusi ahal izango dira, eta urtaro honetan ez da eklipserik egingo.

Aurtengo udak 93 egun eta 15 ordu iraungo du

1:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uda astronomikoa gaur, larunbata, hilaren 21ean, hasi da, eguerdiko 12:51n, Geografia Institutu Nazionalaren (IGN) arabera, eta azken mendeetan izandako udarik luzeenetakoa izango da, 93 egun eta 15 ordukoa; udazkena heldu arte, irailaren 23an.

Gainera, Done Laurendiren malkoak -edo Pertseidak- izar jasa ospetsua abuztuaren 12an ikusi ahal izango da, baina aurten ez da aurreko urteetan bezain garbi ikusiko, ilargia ia betea egongo baita. Bestalde, gaur hasiko dugun urtaro honetan ez da eklipserik egingo; ez Eguzki eklipserik ezta Ilargi eklipserik ere.

Adostuta dago udari hasiera ematea Lurra leku jakin batzuetara heltzen denean, Eguzkiaren inguruko orbitan.

Udako solstizioa urteko egunik luzeenean izaten da, eta data horren inguruan urteko gainerako egunetan baino goizago argitu eta beranduago iluntzen du.

Gainera, garai honetan da urte osoan Lurra Eguzkitik urrunen dagoen momentua, hau da, Afelioaren eguna. Horregatik Lurra motelago mugitzen da orbitan (Keplerren hirugarren araua), eta, hori dela eta, luzeagoa izaten da urtaroa.

IGNren arabera, udako lehenengo ilbetea uztailaren 12an izango dugu, eta ondoren beste bi izango dira: abuztuaren 10ean eta irailaren 9an.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguraldia Uda