Gizartea -
Nafarroa
Eroritakoen Monumentuan egiten diren mezekin amaitzeko eskatu dute
Zenbait talde Iruñeko Artzapezpikutza aurrean bildu dira "Frankismoaren lagun, noiz arte?" lelopean.
Erredakzioa
Memoria Historikoaren zenbait taldetako kideek 1936ko kolpearekin lotutako ospakizun erlijiosoei amaiera emateko eskatu dio Iruñeko Artzapezpikutzari. Ospakizun horietako batzuk 'Eroritakoen Monumentuan' egiten direla salatu dute, besteak beste.
Memoriaren Autobusak eta Memoriaren aldeko Herrien Nafarroako Koordinakundeak deituta, protestan "Frankismoaren lagun, noiz arte?" leloa euskaraz eta gaztelaniaz idatzita zeraman pankartaren atzean bildu dira. Bukaeran, adierazpen bat irakurri dute.
Egindako aldarrikapenen artean, "Gurutzeko Zaldun Boluntarioen Ermandadeak" Eroritakoen Monumentuko kriptan egiten dituen ospakizunak galaraztea eskatu dute. Eroritakoen Monumentua Elizaren jabetza da, eta Mola jenerala, 1936ko matxinadako buruzagietako bat, bertan hobiratuta dago.
Carlos Martinez manifestarien bozeramaileak "kezka" agertu du "Nafarroako Elizak frankismoaren indarkeria eta jazarpena pairatu zutenei irain egiten dieten ekitaldiak onartzen dituelako".