Gizartea -
Indarkeria matxista
Gazte bat atxilotu dute Donostian, bikotekideari haginka egiteagatik
Emakume gazte bat lurrean eserita zegoela ikusi zuten agenteek, negarrez, eta bere aurrean gizonezko bat, belauniko. Aurpegian eta beso batean hozka markak zituen emakumeak.
23 urteko gazte bat atxilotu dute Donostian, kalean bere bikotekidea jotzea egotzita. Aurpegian eta besoan hozka markak zituen emakumeak.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak igandeko 07:45 inguruan egin zuen topo ezbehar horrekin.
Hiriko erdigunean, emakume gazte bat lurrean eserita zegoela ikusi zuten agenteek, negarrez, eta bere aurrean gizonezko bat, belauniko. Ertzainek, indarkeria matxista kasu bat izan zitekeela ikusi zuten, bien arteko eztabaida baten ostean. Emakumeak hozka markak zituen aurpegian eta besoan eta sorospen zerbitzuen laguntza jaso zuen.
Kalean bertan, errepidean, biktimaren telefonoa guztiz apurtuta jaso zuten agenteek. Bertan zegoen gizonezkoa atxilotu zuten eta ertzainetxera eraman zuten indarkeria matxista delituaren akusaziopean. Epailearengana eraman dute astelehenean.