Gizartea -

E28

LGBTI kolektiboak eskubideak eta askatasun sexuala defendatu ditu gaur

Gaur,  LGBTI Lesbiana, Gay, Bisexual, Transexual eta Intersexualen Nazioarteko Eguna izanik, manifestazioak egin dituzte Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon.

LGBTI kolektiboaren manifestazioa, Bilbon. Irudia: EFE
LGBTI kolektiboaren manifestazioa, Bilbon. Irudia: EFE
Festa eta aldarrikapena, Euskal Herriko hiriburuetan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, larunbata, LGBTI Lesbiana, Gay, Bisexual, Transexual eta Intersexualen Nazioarteko Eguna da, hori dela eta, Euskal Herriko elkarteek, koordinakundeek eta kolektiboek zenbait aldarrikapen eta jai antolatu dituzte.

Manifestazio koloretsu eta bizi batek hartu ditu Nafarroako hiriburuko kaleak 12:00etan. "Nafarroa, aniztasunaren lurraldea. Apurtu heteroaraua leku guztietan" lelopean, EH Bildu, Izquierda-Ezkerra eta Ezkerreko Batzar Errepublikarraren babesa jaso du mobilizazioak.

Polizia Nazionalak zaindu duen ibilbidean zehar, manifestariek elizaren, UPN eta PSN alderdien –"komeni ez zaizkizun alderdiak", haien ustez- eta Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen aurkako hitzak izan dituzte. Azken horrek "bulegoa zor" dietela gogorarazi dute.

Raul Lopez 28J plataformako bozeramaileak kazetariei adierazi dienez, ez dute "instituzioen, Udalaren edota Nafarroako Gobernuaren aldetik inongo laguntzarik jasotzen".

Ordubete geroago, 13:00etan, Gasteizek hartu du aldarrikapenaren lekukotza, Andre Maria Zuriaren Plazan aterata egin duten manifestazioarekin.

Donostian, udal-gobernuak Donostia Kultura, Gehitu, Medeak, Errespetuz, Garaipen, AMPGYL, Magala, Donostiako Bilgune Feminista eta EHGAM kolektiboek egin dituzten manifestazioekin bat egin du.

Halaber, udaletxean kolore anitzeko bandera jarri dute egun osoan zehar, baita udal-autobusetan ere, LGTBIren Nazioarteko Eguna ospatzeko eta, 19:00etan, martxa bat egin dute Boulevarretik abiatuta.

Bilbon, ehunka pertsonak parte hartu dute Bizkaiko hiriburuko kaleetan zehar askatasun sexualaren alde egindako manifestazioan. Moyua Plazatik abiatu eta Arriaga antzokiraino iritsi da martxa.

Bilboko harreman- eta sexu-askatasunaren alde lan egiten duten zenbait talde eta erakundek osatutako E28 koordinakundea "Hemen inor ez da normala" lelopean manifestatu da.

Mamiki konpartsaren batuka erritmoarekin, festa giroan abiatu da martxa, askatasun sexualen aldeko bandera koloretsu ugarirekin.

Amnistia Internazionala taldeko kideek zenbait herrialdetan homosexualak izateagatik hil dituzten pertsonen argazkiak erakutsi dituzte martxan zehar, eta horrelako kasuen aurrean mezuak bidaltzeko deia egin dute.

Manifestazioaren amaieran, manifestu bat irakurri dute, oraindik ere, "homofobia, lesbofobia eta transfobia gizartean normala" dela salatuz.

Horren harira, Segurtasun Sozialean egindako murrizketen inguruan kexatu dira manifestariak, sexuz aldatzeko operazioei kalte egiten dietela argudiatuz. Gainera, "abortuaren legea emakume guztien sexu- eta ernalketa-eskubideen atzerakada" dela adierazi dute manifestariek.

Gauean, EHGAM Euskal Herriko Gay Askatasun Mugimenduak afari bat egingo du, eta ondoren ikuskizuna izango da Kafe Antzokian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea