Gizartea -
San Fermin 2014
Peñen Egunak Sanferminetarako giroa alaituko du gaur
Egun guztian, ekitaldi ezberdinak ospatuko dira Nafarroako hiriburuko toki ezberdinetan; San Ferminak hasteko astebete baino ez da falta.
Erredakzioa
Iruñeko Alde Zaharreko kaleek festa usaina hartuko dute gaur, Peñen Eguna ospatuko baitute. Astebete baino ez da falta aurtengo Sanferminei hasiera emango dien txupinazorako.
Goizeko bederatzietan hasi da dianen musika alde zaharra girotzen, eta hamarretan, El Txarko peñaren lokalek lehen hamarretakoa eskaini dute. Uztailaren 6tik 14ra, goizero izango dira hamarretakoak Iruñeko toki ezberdinetan.
Gainera, San Frantzisko plazan Artisautza Azoka zabaldu dute, eta auzo desberdinetako konpartsek eta Muthiko eta Oberena peñetako dantzariek bat egin dute festarekin.
Eguerditik aurrera, txarangaren musika eta herri kirol erakustaldia izan dira nagusi, eta Errekoleten plazan herri bazkaria egingo dute gero.
Arratsaldean, dantzagarriak izango dira kalejira baino lehen. Bertan, peña guztiek euren pankartak erakutsiz, San Frantzisko plazaraino egingo dute bidea, eta hantxe utziko dituzte ikusgai.
Mutilzarra peñak "Gamazada" antolatu du bigarren aldiz; horren barnean, San Fermin elizan meza izango da, karrikadantza eta omenaldia Foruetan, eta anaitasun bazkaria gero.