Gizartea -

'Gasolinera' operazioa

29 atxilotu droga trafikoagatik Nafarroan eta Madrilen

Atxilotuak Kantabrian, EAEn eta Nafarroan drogak zabaltzen zituzten lau taldetako kideak dira.

Drogaren aurkako operazio garrantzitsua Nafarroan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarren artean lotura zuten lau taldetako 29 kide atxilotu ditu gaur Guardia Zibilak, eta 9 kilo ketamina eta beste hainbat substantzia atzeman dizkiete. Lau talde horietatik hiru Nafarroakoak ziren.

Duela urte eta erdi abian jarri zen “Gasolinera” operazioa, bi taldetako kideek Lakuntzan izandako tira-bira baten ostean. Horren harira hasitako ikerketa batek Kantabrian, EAEn eta Nafarroan drogak zabaltzen zituzten lau talde harrapatzeko aukera eman du.

Nafarroako hiru pertsona, Bizkaiko 18, Gipuzkoako hiru, Pontevedrako lau eta Kantabriako bat atxilotu ditu Guardia Zibilak. Horietako batzuk Madrilgo aireportuan atzeman dituzte, Indiatik ketamina hartuta zetozela. Etxebizitza eta enpresetan 23 erregistro egin dituzte (bat Gipuzkoan, beste bat Pontevedran eta 21 Bizkaian), eta horietan 9 kilo ketamina, 1.785 gramo kokaina, 9 kilo haxix, speed, metanfetamina eta marihuana kantitate ezberdinak, hiru su-arma, 40 munizio karturtxo, hiru ibilgailu, zenbait arma zuri eta 65.000 euro atzeman dituzte.

Desegindako lau taldeetatik, Nafarroako bat da nagusia. Ketamina inportatzen zuen, zaldiekin analgesiko gisa erabiltzen den eta droga bezala “modan” dagoen substantzia bat. Garbitzeko produktuen artean ezkutatuta, 9 kilo zekartzan taldeak Indiatik, datozen San Fermin jaietan Iruñan zabaltzeko asmoarekin.

Carmen Alba Nafarroako Gobernu ordezkariak operazioaren garrantzia azpimarratu du, horri esker, sanferminetan 50.000 droga dosi zabaltzea ekidin baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea