Gizartea -
Polizia-operazioa Estatuan
Sendagaiak legez kanpo merkaturatzen zituen sarea desegin dute
Nafarroan jarritako salaketa baten ondorioz hasi zuten ikerketa. Bi lagun atxilotu dituzte sarea zuzentzen zutela leporatuta, eta beste 13 pertsona inputatuta daude.
Erredakzioa
Guardia Zibilak eta Sendagai eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak medikamentuak legez kanpo merkaturatzen zituen sare bat desegin dute. Guztira, 300.000 euroko balioa duten 12.000 ontzi atzeman dituzte.
Polizia-operazioa Nafarroan hasi dute. Bi lagun atxilotu dituzte desegindako sarearen arduradunak direlakoan, eta beste 13 pertsona inputatu dituzte, osasun publikoaren eta Ogasunaren kontrako delituak eta dirua zuritzea leporatuta.
Biltegi nagusia Valentzian duen legezko enpresa baten bitartez jarduten zuten. Estatuko 50 bat farmaziari saltzen zizkieten legez kanpoko sendagaiak. Aipatu medikamentuak norbanakoei bakarrik saltzen zizkieten, inoiz ez enpresei edo hornitzaileei.
Araututako hornitzaileek baino merkeago merkaturatzen zituzten sendagaiak.
50 farmazia horiek Nafarroan, Euskadin, Kantabrian, Asturiasen, Madrilen, Katalunian eta Aragoin kokatuta daude.
Ikerketak joan den urteko uztailean hasi ziren, Nafarroako farmazia batek telefono bidez eskaera susmagarri bat jaso eta salaketa jarri zuenean.
Ikerketak horren ondorioz, sendagaiak legez kanpo merkaturatzen zituen taldeko ustezko bi arduradunak (bikote bat) atxilotu dituzte; beste 13 lagun, berriz, inputatu egin dituzte, salmenta eta kontabilitate lanak egiten zituztela leporatuta.