Gizartea -

Bilboko Aste Nagusia

'Danok gara Aste Nagusia', 2014ko Bilboko jaietako kartela

Hiritarren eta epaimahaiaren botoekin hautatu da garailea, eta Ander Iglesias eta Borja Villarejo sortzaileek 3.000 euroko saria jaso dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ander Iglesias Cuadradoren eta Borja Villarejo Perezen "Danok gara Aste Nagusia" kartela izango da 2014ko Bilboko Aste Nagusiaren berri emango duen irudia. Egileek 3.000 euroko saria jasoko dute kartel lehiaketa irabazteagatik.

Udalaren eta hedabide babesleen webguneetan eta Termibus eraikineko hautesontzian emandako botoek eta epaimahaiaren iritziak erabaki dute irabazlea nor izango den. Hiritarren botoek % 75ko balioa izan dute; epaimahaiaren erabakiak, aldiz, % 25ekoa.

Epaimahaia Itziar Urtasun Jai Batzordeko presidente eta Bilboko Udaleko Jai Saileko zinegotziak, Pilar Muerza EAJko zinegotziak, Beatriz Marcos PPko zinegotziak, Bilboko Konpartsen ordezkari batek, Javier Bellido BA! Creativos enpresako kideak eta Estibaliz Ortiz Onda Vasca irratiko zuzendariak osatu dute.

Guztira 143 lan aurkeztu ziren lehiaketara; horietatik sei, finalera igaro ziren -"Marijaiak", "Jaiari besarkatuak", Danok gara Aste Nagusia", "Bilboko atea", "Amets bilbotarra" eta "Danok bat"- eta gaur hautatu dute garailea.

"Mundu guztia kartel horrekin identifikatuta sentitzea nahi genuen, festetara datorren edonork 'begira, hori ni izan naiteke' pentsa dezala", azaldu du Iglesiasek kartelaren aurkezpenean emandako prentsaurrekoan. "Aste Nagusia jendeak egiten du, eta urtero jende ezberdin gehiago ikusten da", gehitu du.

Itziar Urtasun Jai Batzordeko prsidenteak adierazi du "herritarren botoak sekula baino indar gehiago" izan duela: "Guztiok Aste Nagusian parte hartzera bultzatzen gaitu kartelak", esan du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia aurten