Gizartea -

Bonnemaison auzia

Bonnemaison ez epaitzeko eskatu diote gaixoen familiek Hollanderi

Mediku lapurtarrak hiltzen lagundutako gaixoen senideek Frantziako Justizia sistema "zentzugabea" dela salatu dute, eta Paueko Fiskaltzaren inpartzialtasuna auzitan jarri dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Bonnemaison medikuak hiltzen lagundutako sei gaixoren senitartekoek gutun bat idatzi diote François Hollande Frantziako presidenteari, sendagilearen aurkako epaiketa galarazteko eskatuz. Izan ere, Fiskaltzak medikua errugabetu zuen epaiaren kontrako helegitea jarri zuen, eta sendagile lapurtarra berriro epaituko dute.

Familiek salatu dutenez, "Frantziako Justizia sistema zentzugabea da", eta ez dutela beste epaiketa baten sufrikarioa bizi nahi adierazi dute.

"Mundu guztiak dio helegitea lotsagarria dela, ez dugu berriz prozesu horrekin hasi nahi. Estatuak entzungor egiten badio zinpekoei, zertarako nahi dute herri epaimahaia?", azaldu du Patricia Dhoogek, Baionako erietxean hildako gaixoetako baten emazteak.

"Gizatasuna erakutsi duen pertsona bat zigortu nahi izana zentzugabea da", gutuna osatu duten familien ustez, eta Paueko Fiskaltzaren inpartzialtasuna auzitan jarri eta Hollanderi Justizia ministerioan presioa egiteko eskatu diote, Bonnemaisonen aurkako beste epaiketarik izan ez dadin.

Absoluzioak "gauzak argi" utzi zituela gaineratu dute senideek, eta presidenteari eutanasiaren inguruan agindutako urratsak benetakoak izan daitezela exijitu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea