Gizartea -

1,2 milioi euro, guztira

Nafarroako Gobernuak txirrindulari bati kalte-ordaina eman beharko dio

Foru Exekutiboak 1.070.559,30 euroko kalte-ordaina eman beharko dio, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ebatzita, errepideko zulo baten ondorioz bizikletaren kontrola galdu eta erorikoa izan baitzuen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foru Gobernuak 1.070.559,30 euroko kalte-ordaina eman beharko dio txirrindulari bati, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratutako ebazpena betetzeko, errepideko zulo baten ondorioz bizikletaren kontrola galdu eta erorikoa izan baitzuen.

Txirrindularia elbarri geratu zen eta egunero laguntza behar du aurrera egiteko. Bestalde, txirrindulariaren emazteari 131.046,89 euroko kalte-ordaina eman beharko dio. Sententziari Auzitegi Gorenaren aurrean helegitea aurkezteko aukera du Gobernuak.

Istripua 2009ko ekainaren 24an gertatu zen, 17:00ak aldera, N-135 errepideko 54. kilometroan, Ibañetako mendatean. Zauritua beste txirrindulari batekin zihoala, errepideko zulo baten ondorioz bizikletaren kontrola galdu eta erorikoa izan zuen.

Eskaera

Bide administratiboan aurkeztutako eskakizunaren zati bat onartu zuen Nafarroako Gobernuak. Kalte-ordainaren % 50 onartu zion Exekutiboak zaurituari, baina txirrindulariak arduragabe jokatu zuela argudiatu zuen. Abiadura handiegian zihoala esan zuen Gobernuak.

Txirrindulariak eta haren emazteak erabakia auzitara eraman zuten, erantzukizuna Administrazioarena zela argudiatuta. Txirrindularia 20 kilometroko abiaduran zihoala azaldu, eta errepideko zuloa saihesteko ezin izan zuela ezer egin erantsi zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Nafarroako Gobernua albisteak