Gizartea -

Marotoren hitz polemikoak

Pertsona guztiei 'lagundu behar zaie lana bilatzen', Tapiaren arabera

Jose Angel Cuerda (EAJ) Gasteizko alkate ohiak eta hiriko gazte sozialistek gogor jo dute Javier Marotoren kontra.

Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburua. Argazkia: EiTB
Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburua.
Gasteizko magrebtarrek diote eurak lan egitera etorri direla

1:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Maroto Gasteizko alkatearen adierazpenek hautsak harrotzen jarraitzen dute. Izan ere, Marotok "gizarte laguntzen kontura bizitzea" leporatu zion magrebtarren kolektiboari. Atzo bertan, Udaleko oposizioko taldeek "xenofobo"tzat jo zituzten adierazpen horiek, eta gaur ere entzun dira hitz horien aldeko eta kontrako ahotsak.

Horren harira, Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak esan du hemen jaiotakoak nahiz atzerritik etorritakoak "zaindu" behar direla, eta "lana bilatzen lagundu" behar zaiela. Sailburuaren esanetan, Marotoren adierazpenak "arinkeriaz" egindakoak dira, eta PPko alkateak "ñabardurak egingo ditu ziurrenik".

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi eta EAEko PPren idazkari nagusiordeak, ordea, babes pertsonala eta politikoa eskaini dio Marotori, eta ohartarazi du "laguntzekin egiten den iruzurra ukatzeak iruzurra betikotzen" duela.

Ahaldun nagusiak Twitterren hainbat datu argitaratu ditu laguntza horien inguruan, eta azpimarratu du Marokotik etorritako immigranteen % 59k jaso dituztela udal laguntzak.

Bestalde, Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohia elkarrizketatu dute Radio Euskadin, eta gogor gaitzetsi du Marotok xenofobia elikatu izana edo immigranteen kolektiboaren gainean kezka sentsazioa areagotzea.

Cuerdak aitortu du egongo direla kasuak Algeriako, Marokoko edo Gasteizko bertako herritarrenak laguntzekin iruzur egiten dutenak, baina ustelkeria politikoarekin zerikusia duten iruzur handiagoetan arretarik ez jartzea leporatu dio.

Era berean, Gasteizko Gazte Sozialistek alkatearen dimisioa eskatu dute adierazpen "eskandalagarriengatik". Horien esanetan, adierazpenek "agerian uzten dute Gasteizeko alkateak jarrera eta pentsamendu xenofoboak eta arrazistak" dituela, eta kolektibo zehatz bat "kriminalizatzen" duela.

Udaleko osoko-bilkurak bihar jorratuko du Arabako SOS Arrazakeriak eta Ongi Etorri kolektiboak aurkeztutako mozio bat, EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren babesarekin, udal kargudun guztiek "immigrazioa alderdikoikeriarekin" erabil ez dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea