Gizartea -
Turbo Motor Inyección
Bi lagun zauritu dira Noaingo enpresa batean piztu den sutean
Foruzaingoak jakitera eman duenez, erredura oso larriak ditu horietako batek. 10:45 aldera piztu da sua, eta jada kontrolpean dago.
Erredakzioa
Langile bi zauritu dira ostiral honetan Noainen (Nafarroa), Turbo Motor Inyeccion enpresan piztu den sutean. Foru Gobernuak emandako datuen arabera, zaurituetako batek erredura larriak ditu, eta besteak, berriz, traumatismoa. Ospitalera eraman dituzte biak.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, 10:45 aldera piztu da sua eta, ondorioz, enpresa hustu egin dute. Nafarroako Larrialdi Agentziako suhiltzaileek eguerdian kontrolpean hartu dute sua.
Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da. Oraindik, ez dute jakitera eman zerk eragin duen sutea.
Zaurituetako bat Nafarroako Ospitalera eraman dute, erredura oso larriak zituela.
Zaurituetako bat, Gurutzetara
Turbo Motor Inyección enpresako sutean larri zauritu den langilea Barakaldoko Gurutzeta Ospitalera eraman dute, pairatu dituen erredurak artatzeko.
34 urteko Iruñako bizilaguna da langilea, eta helikopteroan eraman dute Gurutzeta Ospitaleko erreduren unitatera, larri, bizkarrean, sabelean eta beso eta hanketan erredurekin; haren gorputzaren heren bat kaltetu da sutean, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
Nafarroako Ospitalera eraman dute lehendabizi, beste zauritu batekin batera.
Sutea dela eta, enpresa hustu dute eta, Gobernuak azaldu duenez, ziurrenik ezingo da bertan lanik egin datozen egunetan, eraikina kaltetuta gelditu baita.