Gizartea -
NAFARROAN
Uzta biltzeko makina baten txinpartak piztu zuen sua Uxuen
900 hektarea erre ditu suak, batez ere, basoak eta zereal-sailak. Sua kontrolpean dago, baina suhiltzaileek lanera jarraituko dute lurra hozteko eta sua berpiztea saihesteko.
Erredakzioa
Uxuen, Bigas gainean, atzo piztu zen sutea kontrolpean dute, baina guztira 900 hektarea erre dira, batez ere, basoak eta zereal sailak.
Sutea kontrolpean badago ere, suhiltzaileek lanean jarraituko dute sua berpiztea saihesteko eta lurra hozteko, Nafarroako Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez.
Suak 11 kilometroko eremua kaltetu du, baina ez da herri guneetara iritsi. Uzta biltzeko makina baten txinpartak piztu zuela baieztatu du Javier Morras Nafarroako Barne kontseilariak.
Sutea Bigas gainean hasi zen, Uxue eta Murillo del Fruto herrien artean. Sua piztu den inguruan ez dago errepiderik eta bertara hurbiltzea zaila da. Horrek sua itzaltzeko lana oztopatu du.
Espainiako Ingurugiro Ministerioari laguntza eskatu dio Nafarroako Gobernuak: besteak beste, hiru hidro-hegazkin, bi hegazkin eta bi helikoptero bidali dituzte Nafarroara gaur goizean goiz. Sutea dela eta, NA-5311 errepidea itxita dago, atzotik.
Sua itzaltzeko lanetan, helikopteroen, hegazkinen eta hidro-hegazkinen laguntza izan dute suhiltzaileek.