Gizartea -
Lapurreta-delitua egotzita
Sei lagun atxilotu dituzte Lemoizko zentral nuklearrean lapurtzeagatik
Atxilotuei tresnak atzeman dizkiete, instalazioak inguratzen dituen hesian zulo bat egiteko erabilitakoak antza.
Erredakzioa
Ertzaintzak 19-32 urteko sei gizonezko atxilotu ditu goizaldean Lemoizko (Bizkaia) zentral nuklearrean lapurreta egitea leporatuta, zentralaren zaindariek instalazioen barruan atzeman ostean, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Gauerdi inguruan, Lemoizko zentral nuklearreko zaindariek Ertzaintzari deitu diote, instalazio barruan pertsona batzuk sartu direla esateko.
Ertzaintzak zenbait patruila bidali ditu bertara, eta, agenteak iritsi direnerako, zaindariek sei pertsona atxikita zituzten bulegoetan.
Identifikazioak egin eta gertatutakoa baieztatu ondoren, ertzainek guztiak atxilotu dituzte, lapurreta-delitua egotzita. Atxilotuei zenbait tresna atzeman dizkiete, instalazioak inguratzen dituen hesian zulo bat egiteko erabilitakoak antza.