Gizartea -
Nafarroa
Motor gidari bat larri, Lekunberrin sakan batetik behera erorita
Zauritutako laguna Irungoa da, eta 20-30 metrotik behera erori da. Nafarroako larrialdietarako zerbitzuak helikoptero bat bidali du.
Erredakzioa
36 urteko motor gidari bat, Irunekoa, larri zauritu da gaur, igandea, goizean sakan batetik behera erorita, NZ-1700 errepidean, Lekunberri (Nafarroa) parean.
Zauritutakoa (S.P.S.) errepidetik atera da, motorzale talde batekin zihoala, eta 20-30 metrotik behera erori da, Guardia Zibilak jakinarazi duenez, bera izan baita 11:50ak aldera istripuaren abisua jaso duena.
Bertara, Nafarroako Gobernuko helikoptero bat bidali dute, Guardia Zibilaren Greim taldeko lau kiderekin, horietako hiru sorosleak eta garabi operadore bat.
Sakanaren hondotik atera dute motor zalea, helikopteroaren bidez, eta ondoren Nafarroako Ospitalera eraman dute.
Motor gidariak femurra hautsi du, zenbait traumatismo izan ditu eta larri dago.