Gizartea -
Zarautzen
Auto batean lapurtu eta dokumentazioa utzi ostean atxilotu dute
Gertaerak astearte honetan izan dira, 61 urteko gizonezkoa Izeta plazan aparkatuta zeuden ibilgailuei kalteak eragin dizkiola jakinarazi diote Udaltzaingoari.
Erredakzioa
Ertzaintzak 61 urteko gizonezko bat atxilotu zuten astearte arratsaldean Zarautzen (Gipuzkoa), auto batean lapurtzea eta beste batean kalteak eragitea egotzita, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Asteartean, 18:30 baino minutu batzuk lehenago, Ertzaintzaren patruila bati eskatu zioten Zarauzko Izeta plazara joateko, gizon bat aparkatutako ibilgailuetan kalteak eragiten ari omen zelako. Ertzainak berehala joan ziren tokira eta gizon bat bi autoren beira garbigailuak manipulatzen ari zela ikusi zuten. Egiaztatu zuten, gainera, horietako batek apurtuta zituela.
Une horretan, ertzainek ahoz identifikatu zuten gertakarien egilea, dokumenturik ez zeramalako soinean. Jarraian, erregistroa egin ondoren, emakume batena zen osasun txartel bat aurkitu zioten, baita giltzatako bat ere bi giltzarekin. Ertzainek beharrezko egiaztapenak egin zituzten, eta konturatu ziren aipatu txartelaren jabea poliziaren egoitzan zela auto barruan lapurtu ziotela salatzeko.
Horregatik guztiagatik, agenteek poliziaren egoitzara eraman zuten lapurra, behar bezala identifikatzeko. Bertan, ertzainek jakin zuten emakumeak ustezko lapurrarenak ziren dokumentuak aurkitu zituela bere autoaren barruan eta, gainera, lapurrari aurkitu zizkioten objektuak autoan lapurtu zituenekin bat zetozela. Horrexegatik, atxilotu egin zuten gizona, ustezko lapurreta delitu bat egotzita.
Halaber, Ertzaintzak ustezko kalteen falta bat ere leporatu dio orain, plazan aparkatuta zegoen beste auto batek jasandako kalteengatik beste salaketa bat jaso baitzuen bart. Atxilotua epailearen esku ipiniko dute goizean Azpeitiko guardiako epaitegian.