Gizartea -
Sutea Gasteizen
Emakume batek leihotik behera salto egin du, sute batetik ihesi
Bizilagunek koltxoiak jarri dizkiote lurrean, kolpea arintzeko. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Txagorritxuko ospitalera eraman dute emakumea, zauri arinekin.
Erredakzioa
Goizeko 09:20 inguruan sute bat piztu da, Gasteizen, Andonio Machado kaleko eraikin bateko bigarren solairuan. Ondorioz, emakume batek leihotik behera egin du salto, sutetik ihesi. Bizilagunek koltxoiak jarri dizkiote lurrean, kolpea arintzeko. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Txagorritxuko ospitalera eraman dute emakumea, zauri arinekin.
Sutea piztu den etxebizitzan hainbat lagun zeuden, eta suhiltzaileen laguntzarekin atera dira kanpora. Haur bat erietxera eraman dute, kea arnastuta.
Lau solairuko eraikin batean gertatu da sutea, eta eraikin osoko bizilagunak kanpora aterarazi dituzte, badaezpada. Sua nola piztu den ikertzen ari da Ertzaintza.