Gizartea -

Ebola izurritea Afrikan

Ebola duen elizgizon espainiarra 'egonkor' dago, Madrilen jada

Hegazkin militar batek Liberiatik atera du, eta orain Carlos III.a Ospitalean bakartuta dago. Bestalde, Juliana Bohi mojak ez du ebola, egindako azterketen arabera. Hala ere, bakarturik jarraituko du.

Miguel Pajares ebola atzeman dioten elizgizon espainiarra. EFE
Miguel Pajares ebola atzeman dioten elizgizon espainiarra. EFE
Ebolaz kutsatutako apaiza Carlos III.a ospitalean da

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Pajares ebola atzeman zioten elizgizon espainiarra gaur goizean iritsi da Madrilera, Liberiatik espainiaratu eta gero, eta orain Carlos III.a ospitalean dute, bakartuta.

Elizgizona espainiaratu duen hegazkin militarra 08:10ean iritsi da Torrejon de Ardozeko base militarrera. Harekin batera, ebola ez duen moja bat, Juliana Bohi, ere espainiaratu dute.

Biak Madrilgo Carlos III.a Ospitalera eraman dituzte, eta elizgizona bakartu egin dute, tankera honetako gaixotasun kutsakorrei aurre egiteko prest dagoen unitate batean.

Medikuek bertan egiaztatu dutenez, Pajares "egonkor" dago, eta Bohiren osasun egoera "oso ona" da.

Mercedes Vinuesa Madrilgo Osasun zuzendariak atzo azaldu zuenez, "segurtasuna guztiz bermatuta dago gizarte eta espainiar guztientzat".

Miguel Pajares (75) bakartuta izan zen Liberiako San Jose Ospitalean, beste bost pertsonarekin batera, Patrick Nshamdzea zentroko zuzendaria ebolak jota hil zenetik.

Juliana Bohi erlijiosaren egoera orokorra, "oso ona"

Bestalde, Juliana Bohi erlijiosoaren egoera orokorra "oso ona" da, ostegun eguerdian jakinarazitako datuen arabera. Ebolak ez du kutsatu; sukar tifoideak ditu eta tratatuko dute.

Juliana Bohiri egindako azterketek moja ebolaz kutsaturik ez dagoela diote, Osasun Kontseilaritzako iturriek jakitera eman dutenez.

Hala ere, bakarturik mantenduko dute taldeko medikoak eman beharreko pausoak erabaki arte.

Birusa Europatik hedatzeko arriskurik ez, Europako Batzordearen arabera

Europako Batzordearen arabera, gainera, esan du ez dagoela birusa Europatik hedatzeko arriskurik, Miguel Pajares elizgizona Espainiara bueltatu ostean. Kasu honetara arte, ez da eritasunarekin kontinentera itzulitako EBko beste herritarrik egon.

Espainiak ostiralean jakinarazi zien Europar Batzordeari eta kideak diren gainerako Estatuetako osasun-agintariei elizgizona aberriratzeko asmoa, EBren Osasun-Segurtasunaren Batzordearen bilera batean. Bertan, herrialde guztietako adituk bidaiarako aholkuak adostu zituzten, eta zehaztu zuten zein ospitale leudeken esku hartzeko prest. Horrela azaldu du Frédéric Vincent bozeramaileak.

"Espainiak Batzordeari eta gainerako herrialdeei jakinarazi zien norbait ekartzeko asmoa zuela. Eta Espainiak segurtasun osoz egingo zutela bermatu zigun. Ebola Europara heltzeko arriskua oso-oso txikia da, ia ez dago arriskurik", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ebola gaitza