Gizartea -

Etorkinak

Ikerketapean dago etorkinei Melillako hesian emandako tratua

Epaileak gobernuz kanpoko hiru erakundeek bidalitako bideoa jaso du, eta hura izango da lesiorik izan den ikertzeko froga nagusia.

Etorkinak Melillako hesia gainditzen saiatzen. Argazkia: eitb
Etorkinak Melillako hesia gainditzen saiatzen.
Etorkinak Melillako hesia gainditzen saiatzen. Argazkia: eitb

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernuz kanpoko hiru erakundeek eginiko salaketaren ostean, Melillako Lehen Auzialdiko 2. Epaitegiak ikertu egingo du marokoar Poliziak eta Guardia Zibilak Melillako hesia gainditzen saiatu ziren etorkinei emandako tratua.

Salaketa Andalucia Acoge, SOS Racismo eta Prodein erakundeek jarri dute, susmoa baitute joan den ekainaren 18an hainbat delitu egin zirela, 400 etorkin aipatutako hesia gainditzen saiatu zirenean. Horietako 150ek ez zuten lortu bi hesiak gainditzea, eta horien artean geratu ziren. Hala ere, Marokora itzultzera behartu zituzten.

Epaileak gobernuz kanpoko hiru erakundeek bidalitako bideoa jaso du, eta hura izango da lesiorik izan den ikertzeko froga nagusia. Emilio Lamo de Espinosa epaileak azaldu duenez, "bideoan ikusi daiteke marokoar agenteek Espainiar lurretan sartu eta etorkin bat jipoitzen dutela, nahiz eta hamabost metrora Guardia Zibilaren auto bat izan”.

Epaileak gaineratu du Guardia Zibilaren agenteek ez zutela ezer egin gertakari hori galarazteko. Horrez gain, epaileak beste gertakari bat nabarmendu du. Izan ere, indar polizial marokoarrek eta espainiarrek bi hesien artean zeuden etorkinak batu eta Marokora itzuli zituzten. Autoak aipatzen dituen bi gertakariak egun berean izan ziren, ekainaren 18an, Nano ibaiaren eta Mariguari izeneko toki baten artean. Hesia gainditzen saiatu ziren etorkinetatik inork ez zuen lortu bere helburua.

GKEak, pozik

Gertaerak delitu diren ala ez ebazteko, epaitegiak eskaera egin du operazio horretan parte hartu zuten Guardia Zibilak eta horien arduradunak identifikatzeko.

Ohar baten bitartez, Gobernuz Kanpoko Erakundeek balioan jarri dute epailearen erabakia, egun horretan deliturik izan zen argitzeko. “Orain arte testigantzak genituen. Ezagutzen genituen delitu izan zitezkeen lehenagoko kasuak, baina bidalitako irudiek ez dute zalantzarik sortzen”, azaldu du Mikel Mazkiaran SOS Racismo Federazioko kideak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea