Gizartea -
Donostian
Etxebizitzetan lapurtzen zuen banda bateko kideak atxilotu dituzte
Madrilen zuten "egoitza" lapurrek; sarrailak manipulatzen zituzten, ageriko aztarnarik utzi gabe irekitzea ahalbidetzen zuen sistema bat erabiliz.
Erredakzioa
Donostiako ertzain-etxeko agenteek 20 eta 23 urte arteko hiru gizon atxilotu zituzten joan den ostiralean, etxebizitzetan lapurtzen espezializatutako banda bateko kide izatea egotzita. Gaizkileak Madrilen zeuden finkatuta, eta sarrailak manipulatzen zituzten, ageriko aztarnarik utzi gabe irekitzea ahalbidetzen zuen sistema bat erabiliz, Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Taldea Getxoko etxebizitzetan izandako beste hiru lapurretekin lotu da, eta Durangoko pisuetan izandako antzeko beste bost lapurretatan parte hartu duen ikertzen ari dira agenteak. Atxiloetako bati giltza orokor bat kendu zioten; ustez, lapurrek erabiltzen zuten sarrailak irekitzeko.
Atxiloketa Donostiako Amara Berri auzoko etxebizitza batean gertatu zen joan den ostiral goizean. Ertzaintzak jasotako salaketan irakur daitekeenez, pisuko jabeak etxera bueltatu eta giltza sarrailan sartu zuen, orduan ohartu zen ondo itxita zegoela, baina ez berak minutu batzuk lehenago utzi zuen bezalaxe.
Etxera sartzean, gazte bat aurkitu zuen geletako batean. Gizona etxera lapurtzeko asmoz sartu zela ohartzean (ordurako hartu zuen objektu baliodunen bat), emakumeak Ertzaintzari jakinarazi zion, eta lapurra etxe barruan gelditu zen harrapatuta.
Ertzainek ustezko egilea atxilotu zuten eta minutu batzuk geroago, Ertzaintzaren beste patruila batek lapurretaren ustezko bi gaizkileak topatu zituen Irun plazatik gertu. Hiru gizonak (20 eta 23 urte bitartekoak) atxilotu egin zituzten, etxebizitza batean indarrez lapurtzea egotzita.
Giltza orokorra
Hasierako ikerketan ondorioztatu dutenez, sarrailak ez zuen ageriko markarik; beraz, ustez, zabaltzeko manipulatutako giltza orokor bat erabili zuten. Atxiloetako baten gauzen artean aurkitu zuten, bada, aipatu giltza.
Ertzaintzaren datu-baseko informazioa kontsultatuta, azken egunetan Getxoko zenbait etxebizitzatan izandako beste hiru lapurretarekin lotu dituzte gazte horiek. Gainera, Donostiako etxebizitzatan erregistratutako beste bost lapurretatan parte hartu ote duten ikertzen ari dira agenteak.
Lapurreta horiek guztiak sistema berarekin egin dira. Atxiloetako bati Madrilgo partikular baten izenean dagoen auto bat bidegabe eskuratzea leporatu diote. Gaizkileak auto hori erabiltzen ari ziren. Epailearen esku jarri dituzte atxiloak asteburuan.