Gizartea -
Gipuzkoa
15 urteko gazte bat hil da Irunen izandako auto istripu batean
Gainera, beste bost pertsona zauritu dira istripuan, bi autok aurrez talka eginda, GI-636 errepidean.
Erredakzioa
Gazte bat (15 urte) hil da goizaldean, Irun herri gipuzkoarraren parean izandako auto istripu batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
Istripua 1:25ean jazo da, GI-636 errepidean, Irun parean, bi autok aurrez talka eginda. Istripuaren ondorioz, aipatutako gaztea hil eta beste bost pertsona zauritu dira, eta Donostiako eta Irungo ospitaletara eraman behar izan dituzte.
Gainera, istripuaren ondorioz, zirkulazioa eten egin dute eta autoak beste errepide batetik desbideratu dituzte, biktimak artatu eta ibilgailuak errepidetik kendu ahal izateko.
Halaber, ibilgailuetako gidari bat atera ezinik geratu da, horrenbestez, suhiltzaileak bertaratu dira, erreskatea egiteko.
Bi gidariak, 24 eta 26 urtekoak, eta gainerako bidaiariak; bi gizonezko -18 eta 14 urte- eta 18 urteko emakumezko bat zauritu dira. Ondorioz, Donostiako Ospitalera eta Bidasoako Eskualde Ospitalera eraman behar izan dituzte anbulantziaz.
Hildako gaztearen hilotza Donostiako Auzitegi Medikuen Zerbitzura eraman dute, epaileak aginduta. Bestalde, Ertzaintzak ikerketa bat abiarazi du istripu larriaren nondik norakoak argitzeko.