Gizartea -
260.000 euro
39 lagun atxilotuta Malagan Gizarte Segurantzari iruzur egiteagatik
Lan-kontratu faltsuak sinatzen zituzten eta Gizarte Segurantzan legez kanpoko altak ematen zituzten bi helbururekin: jaso behar ez zituzten diru-laguntzak jasotzeko eta etorkien agiriak lortzeko.
Erredakzioa
Polizia Nazionalak 39 pertsona atxilotu ditu Malagan, Gizarte Segurantzari iruzurra egiten zion enpresa sare baten kontrako operazio batean, 260.000 euro bidegabe jaso eta gero.
Atxilotuen artean, ikertzaileek sarearen burutzat jo duten enpresaburu bat dago, eta berari egotzi diote agiriak faltsutzea eta iruzurra egitea, Poliziak ohar baten bidez zabaldu duenez.
Lan-kontratu faltsuak sinatzen zituzten eta Gizarte Segurantzan legez kanpoko altak ematen zituzten, bi helbururekin: jaso behar ez zituzten diru-laguntzak -langabeek jasotzen dituztenak, errentak, amatasunean eta erretiroan jasotako laguntzak- jasotzeko eta Espainian agiririk gabe dauden etorkinen agiriak lortzeko.
Ikertzaileek ondorioztatu dutenaren arabera, atxilotutako enpresaburuak egiazkoa zirudien enpresa sare bat sortu zuen, hamaika sozietatek osatuta. Horietako baten bat benetakoa da, eta gehienak garbitasunarekin, higienearekin eta esterilizazioarekin lotuta zeuden.
Espainian sortutako lehenengo frankizia gisa azaltzen zen Interneten, diru publikoarekin babestuta, eta negozio kontzeptu berri baten aitzindari gisa, 'autoenplegua' sustatzen zuen eta Estatu mailan errekonozimendua duten zenbait enpresekin kontratuak egitea lortu zuen.
Nahiz eta enpresa sareko hainbat enpresa benetakoak izan, sare horretaz baliatzen ziren kontratu faltsuak sinatzeko, 600 bat euroren truke.