Gizartea -
Osasuna
Martxan da Euskadiko gaixotasun arraroen erregistroa
EAEn 40.000 pertsona baino gehiagok pairatzen dituzte arraroak deitzen diren gaixotasunak, eta zeharka 150.000 pertsonari eragiten diete.
Erredakzioa
Euskadiko Gaixotasun Arraroen Erregistroa gaurtik aurrera martxan izango da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lege baimenak eman ostean.
Osasun Sailak sortu zuen erregistroa urtarrilaren 17an, gaixoen bizitza mantendu eta hobetu asmoz, informazio fidagarria eta kalitatezkoa biltzeko.
EAEn 40.000 pertsona baino gehiagok pairatzen dituzte arraroak deitzen diren gaixotasunak, eta horietatik % 65 larriak eta baliaezintasunezkoak dira. Gainera, zeharka gaixoen inguruko 150.000 pertsonari eragiten diete.
Eusko Jaurlaritzak Euskadi mailan gaixotasun arrarotzat hartu ahal izateko bete beharreko baldintzak zehaztu ditu, eta Europar Batasuneko 10.000 biztanleko 5 pertsona baino gutxiagori eragiten dieten eritasunak sartuko dira erregistroan.
Gainera, EBn 100.000 biztanleko 6 pertsonatik behera kaltetzen dituzten tumore gaiztoak ere hartuko dira.
Erregistrotik at geldituko dira ohiko tratamendua jarraituta pronostiko ona duten gaixotasun arraroak eta Euskadiko Zainketa Epidemiologikorako Sisteman sartutako gaixotasun arraro kutsakorrak.
EAEko ospitale publiko eta pribatuetako erregistroak, Osasun Saileko eta Osakidetzako datuen fitxategiak eta Euskadin gaixotasun arraroak dituzten pertsonak artatzen dituzten elkarte, zentro eta profesionalak izango dira erregistroaren informazio iturriak.