Gizartea -

Eraso sexista

Epaileak Malagako ustezko bortxaketa kasua artxibatu egin du

20 urteko emakume batek gazte batzuek Malagako Cortijo de Torresen bortxatu egin zutela salatu zuen igandean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Malagako 2 zenbakidun Instrukzio Epaitegiko epaileak artxibatu egin du pasatu den igandean 20 urteko emakume batek salatu zuen ustezko bortxaketaren auzia, Cortijo de Torresen.

Tartekoen eta lekukoen testigantzak entzun eta frogak aztertu ostean, epaileak ez du delitu zantzurik ikusi, iturri judizialek jakinarazi dutenez.

Igande goizean, Udaltzaingoak kalean aurkitu zuten emakumea, erdi zorabiatuta, eta ustezko erasotzaileak deskribatu zizkien agenteei. Gainera, batek erasoa mugikorrarekin grabatu zuela esan zien.

Udaltzainek azoka gunean aurkitu zituzten bi gazte, eta beste hiru, aldiz, La Corta auzoan, bertakoak baitira guztiak.

Asteartean, epaileak karguekin aske utzi zituen 18 urtetik gorako hiru gazte, bortxaketa eta indarkeriaz lapurreta egotzita; izan ere, emakumeak salatu zuen poltsa eta mugikorra lapurtu zizkiotela. Gainera, babes neurri gisa, urruntze agindua ezarri zitzaien hiru gazteei.

17 urteko bi mutilak, aldiz, Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi zituzten eta zentro batean sartu zituzten astelehenean.

Ikerketak aurrera jarraitu du, baimendutako harremana edo bortxaketa izan zen argitzeko. Azkenik, epaileak artxibatu egin du gazteen aurkako auzia.

Polizia Nazionalak epaitegiari eskatu zion akusatuen mugikorrak aztertzeko. Izan ere, biktimak adierazi zuen gazteetako batek eraso sexuala grabatu zuela; beraz, mugikorrak aztertuta, bakoitzak izandako jokaera argitu nahi da.

Bi aldeen adierazpenak oso ezberdinak izan dira auzi honetan. Azokako taberna bateko langilea den emakumeak hasieratik salatu du bortxatua izan zela; bi gaztek, ordea, harekin sexu-harremanak izan zituztela aitortu arren, baimenduak izan zirela esan zuten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea