Gizartea -
Gertakaria
Bi moto eta bi auto kiskali dira Errenterian, garaje batek su hartuta
140 bizilagun etxetik atera dituzte badaezpada, baina inork ez du minik hartu.
Erredakzioa
Errenteriako Larzabal auzoko komunitate-garaje batek su hartu du bart, eta bi moto eta bi auto kiskali dira bertan. Babes-neurri gisa, 140 pertsona etxetik atera dituzte, baina ordubeteren buruan itzuli dira, eta inork ez du minik hartu.
Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez, gertakariak 00:15 inguruan izan dira, Larzabal auzoko 9, 11, 13 eta 15. atarien garajean.
Bi solairu ditu garajeak, eta pisuetako batean izan da sutea. Lau atari horietako bizilagunak atera dituzte etxetik, badaezpada. 01:25erako, suhiltzaileek sua itzaltzea lortu dute, eta bizilagunak normaltasunez itzuli dira etxera, ez baita inor zauritu.
Suaren eraginez, bi moto eta bi auto erabat kiskalita gelditu dira. Ertzaintza sua zerk eragin duen ikertzen ari da.