Gizartea -
Emmy Sariak
Breaking Bad eta Modern Family, erreginak berriz ere
Arlo dramatikoan, Breaking Bad izan da gaueko izarra: iaz gertatu zen bezala, telesail, gidoi eta aktore onenei sariak etxera eraman ditu.
Erredakzioa
Breaking Bad, Modern Family eta Sherlock: His Last Vow telesailak izan dira aurtengo Emmy Sarietako garaileak. Telebistako Oscarretako sari gehienak eraman dituzte etxera, Los Angeleseko Nokia Antzokian egin duten 66. sari-banaketan.
Arlo dramatikoan, Breaking Bad izan da gaueko izarra: iaz gertatu zen bezala, telesail, gidoi eta aktore onenei sariak etxera eraman ditu. Bryan Cranston, Aarón Paul eta Anna Gun aktoreek sari bana eskuratu dituzte.
Iaz bezala aurten ere, Modern Family arrakastatsu: Komedia onenari saria lortu du bosgarren urtez, Fraiserrek orain arte zeukan marka berdinduz. Telesail horretako aktore batek ere saria izan du: Ty Burrelek, baita Gail Mancuso zuzendariak ere.
Sherlock: His Last Vow telefilm edo serie laburrak ere bi sari garrantzitsu eskuratu ditu bart: Benedict Cumberbatch izan da aurtengo aktore onena eta Martín Freeman, berriz, aktore sekundario onenari eskainitako saria eraman du etxera. Sherlockek ere gidoi onenaren saria lortu du, telesail laburren atalean. Hala ere, telebistari begira eginiko filmen artean, The Normal Heart atera da garaile.
Urteko telesail labur onena Fargo izan dela ebatzi du epaimahaiak.
Guztira, arlo teknikoko sariak kontutan hartuta, Sherlock: His Last Vow izan da garailea, zazpi sari lortuta. Zerrendan ondorengoa Breaking Bad izan da, sei sarirekin.
Modern Family telesaileko aktoreak. EFE.