Gizartea -
Jaien balantzea
'Arrakasta biribila' eta giro 'lasaia' Bilboko Aste Nagusian
Itziar Urtasun Festetako zinegotziak azpimarratu du 'jendetza izugarria' gerturatu dela Bilboko jaietara.
Erredakzioa
500.000 pertsona inguru bildu dira pasatu berri diren Bilboko jaietan, eta Itziar Urtasun Festetako zinegotziak Aste Nagusiaren 'arrakasta biribila' azpimarratu du gaur egindako balantzean.
Abuztuaren 16tik 24ra ospatutako jaiek hainbat zifra esanguratsu utzi dituzte: 178.000 pertsona baino gehiago kontzertuetan, 100.000 haur eta guraso Txikigunean, lapurreten % 24,5eko gorakada eta garbitzaileek jasotako 560 tona zabor, esaterako.
Urtasunek prentsaurrekoan azaldu duenez, Aste Nagusiaren alderik "positiboena" "jai giro lasaia" izan da, "eraso sexistarik eta ezustekorik gabea". Okerrena, aldiz, igande goizaldean itsasadarrera erorira hil zen gizonezkoaren kasua izan da.
Zinegotziak azpimarratu du 'jendetza izugarria' gerturatu dela Bilboko jaietara, 500.000 pertsona inguru; iazko jaietako "antzeko" kopurua.
Urtasunek adierazi du Bilbo "jai eredu atsegin eta kalitatezkoa" bihurtu dela, eta bere ezaugarri nagusiak "abegi ona, tolerantzia eta berdintasuna" direla.
Gauero milaka pertsonak ikusi dituzten su artifizialez gain, kontzertuetarako prestatutako zortzi guneek bildu dute jende gehien; 178.000 pertsonatik gora, hain zuzen.
Abandoibarrako eszenatokira 34.500 lagun gerturatu dira Los Planetas, Doctor Deseo, Leiva eta Malu ikustera, eta Europa Parkean, aldiz, 32.000 pertsonak gozatu dute Antonio Orozko, Carlos Jean, Abraham Mateo eta Berri Txarraken kontzertuez.
Txikigune haurren jolasguneak 98.329 haur eta guraso erakarri ditu hamaika egunetan. Casilda Iturrizar parkean antolatu den guneak % 30eko gorakada izan du azken hiru urteetan.
27.000 lagun -horietatik 9.000, atzerritarrak- gerturatu dira turisten informazio bulegoetara, hiriko gune erakargarrienak ezagutu asmoz. 2013tik, % 21 igo da bulegoen eskaria.
Segurtasunari dagokionez, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 991 lapurreta zenbatu dituzte, gehienak, mugikor eta diru-zorroengatik. % 24,5 igo dira lapurretak.
"Esan genuen, oso adi ibili behar da. Ezin gara erlaxatu festetan, ezin dugu poltsa albo batera utzi, adi egon behar da", esan du Urtasunek lapurreten harira.
Guztira 492 pertsona artatu dituzte kolpe, zauri, intoxikazio, erredura eta bestelako lesioengatik, iaz baino % 7,9 gutxiago. Horietatik 110 ospitalera eraman behar izan dituzte anbulantzian, iazko kopuru berdina.
Garbiketa zerbitzuek 560 tona zabor jaso dituzte aurtengo jaietan, iaz baino zertxobait gehiago (546 tona).